Teknologia albisteak

Okertu nadila Ukrainarako pronostikoarekin

Erabiltzailearen aurpegia
2022-03-27 : 10:28

Testu hau Ttap aldizkariaren aste honetako alean argitaratu da, baina duela hiru aste idatzi zen, jakin gabe honezkero Ukrainako gerrak iraungo ote zuen honaino. Bai horixe, iraun du, eta geldituko denik laster ere ez dirudi. Baina tira, hausnarketa gera bedi idatziz ere. 


1992ko udazkenean hilabete igaro nuen Ukrainan, oporraldi berezi samar batean (argazki bakarra dut gordea ordukoa, Wikipediara ere igo dudan estanpa inozo samar hori, Ukrainako herri bateko andereak Eta Kitto aldizkari euskaldunaren ale batekin). Ez dut uste graduondoko bat konbalidatzen didanik gaiaren gaineko tertuliano aditu eta jakituna bihurtzeko, baina aldi berean uste dut denok dugula iritzi bat edukitzeko eskubidea, eta bakoitzaren iritzia esperientzia pertsonaletik osa daitekeela.

Sobietar Batasuna desagertu berria zen, eta Ukraina independente berri. Zaharra suntsitzen eta berria eraikitzen ari ziren, kaos politiko-ekonomiko-sozial batean. Desegituraketa ekonomiko hartan ikara pixkat ematen zuten oportunismo mafiosoaren zantzu batzuk ikusi nituen, eta baita ultra-nazionalismo oso gogor batenak.

Bi joera horiek baieztatu dira, uste dut, ez bakarrik Ukrainaren azken 30 urteetako garapenean, baita Errusiarenean ere. Azkarrak eta mafioso samarrak izan zirenek osatu zituzten elite ekonomikoak, bai Errusian eta bai Ukrainan, eta gora-beherekin, estatu-diskurtso nazionalista gogorrak eraiki dira, Errusian putinismoarekin eta Ukrainan batez ere Euromaidan deitu zuten iraultza edo estatu-kolpe moduko harekin, 2014an.

Konpromiso edo konponbiderako marjina gutxi ikusten dut. Hau grabatzetik Ttap aldizkarian publiko egitera igaroko dira 2 edo 3 aste, eta sorpresa izango da baldin eta ordurako gerra amaitu bada: uste dut, ordea, okerrera egingo duela gatazkak. Hanka sartzen badut, hobeto; baina Errusiak indar ikaragarria aplikatu dezake oraindik, hiriak suntsitu ditzake, indar hilgarria are zehaztasun beldurgarriagoarekin erabili. Eta Ukrainako armadak eta irregularrek ere, lurraldea galtzen badute, gerra luze baterako prestaketak egin ditzakete, ze hain herrialde handia kontrolatzeko oso oso zaila daukate errusiarrek.

Siria, Irak edo Bosnia, azken hamarkadetako gerra adibide gisa, desberdinak izango dira Ukrainako gerratik, baina batean edo bestean ikusitako krudelkeria, hori bai, hori gerta liteke Ukrainan. Hiri setiatuak eta bonbardatuak Sirian bezala; heriotzaren eskuadroi eta hiri gerrilak Iraken bezala; identitatearen araberako garbiketa geografiko zehatzak, Bosnian bezala...

Mesedez, oker egon nadila. Bi aste hauek, grabakatik argitaratzera, analista desastre bat naizela demostratzeko balio dezatela.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago