Teknologia albisteak

Noiz jarri genuen maskara? berandu eta toki desegokian

Erabiltzailearen aurpegia
2021-05-19 : 13:17

2021 honetan maskararen erabilera orokorra da, kalean eta eremu formal gehienetan (lana, topaketa publikoak...). Eta badirudi Covid-19aren pandemia osoa maskara jantzita gabiltzala. Baina sarean ikusitako iruzkin batek pentsatzen jarri nau, maskara oso berandu hasi zela erabiltzen. Eta gainera, kanpoaldean maskara erabiltzeko derrigortasunetan asko insistitu den arren, nahiz eta aire librean kutsatzeko aukerak txikiagoak diren, barrualdeetan maskara erabiltzeko araua izan zen beranduen ezarri zen. EAEren kasuan, lantokietako maskara 2020ko azaroaren 6an bihurtu zen derrigorrezkoa. 

EAEri dagokionez, 38/2020 DEKRETUA, 2020ko azaroaren 6koa, Lehendakaritzakoa, izan zen lantokietan maskara nahitaezkoa ezarri zuena. Udatik bueltan, 2020ko irailekoa, dagoeneko olatuen pilaketa bazetorrela, hasi zen 1.5 metroko banaketa gomendioarekin; ez zen maskararik derrigorrezko lantoki itxietan.

Hala ere, Jaurlaritzak edo Jaurlaritzako norbaitek susmatu zuen 2020ko maiatzean, barrualdeetan maskara jartzea komenigarria izan zitekeela. Iazko maiatzean, duela urtebete, Espainia konfinamendu itxitik irtetera zihoan, eta fase sistema bat ezarri zen. Irekiera hastear zihoala, irudi hau (PDF honetakoa; kopia, ze originala desagertu zen) argitaratu zuen Jaurlaritzak Euskadi.eus webgunean. Barrualdean maskara erabili behar zela zioen.

24 ordu iraun zuen irudiak eta gomendioak. Kendu egin zuten azalpenik gabe. Egia esateko, ez zituen inork eskatu azalpenok, uste dut, hemen Sustatun argitaratutakoaz gain. Eta ordun batzuen buruan EHAA aldizkari ofizialean beste neurri batzuk argitaratu ziren, maskaren aipurik gabe. Hori 2020ko maiatz erdialdean izan zen.

Beste bi hilabete igaro ziren, maskara erabilpena derrigortzeko. Baina kanpoaldeetan izan zen. Erkidegoz erkidego joan zen derrigortasuna ezartzen, eta EAE azkena geratu zen. Beheko irudi hau 2020ko uztailaren 14koa da, Espainiako erkidegoen desberdintasunak adierazteko atera zuten.

Uztail erdialdean oraindik, horrela egiten ziren bilerak EAEn, Gipuzkoako Foru Aldundiko kargu gorenek erakutsi bezala. Agintari eta think-tank-eko estratega guztiak lasai asko maskararik gabe, andrazko heroi ilegorria salbu (bada beste bat bileran ez zaiona aurpegia ikusten). 2020ko uztailaren 14koa da hau.

Handik egun gutxitara, maskara kanpoaldean derrigorra bihurtu zen. Baina lantokietan, bereziki, oraindik ez zen derrigorra izan azaroaren 6a arte.

Eta bitartean, ez orduan eta ez orain, pedagogiarik batere azaltzeko kanpoan edo barruan oso desberdina dela birusaren transmisioa, eta maskarak kontestu horretan duela zentzua.

Erantzun

Sartu