Teknologia albisteak

Colectiv, Errumaniako dokumental guztiz gomendagarria

Erabiltzailearen aurpegia
2021-02-17 : 13:30

Oscarretarako egiten den aukeraketa progresiboen "mozketetan", kanpoan geratu ziren joan den asteburuan Moriarti euskal ekoiztetxekoak La Trinchera Infinita gaztelaniazko filmarekin. Lastima. Lehia latza izaten da, eta oraingoz aurrera egindako filmetan, peliklula errumaniar batek deitu digu arreta: Colectiv. Gainera, ez bakarrik ingelesez ez den filmen lehian jarraitzen du, baita dokumental onenerako hautagaien artean ere,

Colectiv Errumaniako Bukarest hiriburuko dantza eta kontzertu areto bat zen. 2015ean sute bat gertatu zen kontzertu batean, eta 26 lagun hil ziren bertan (zaurituak dozenaka izan ziren, eta hauen artean, beste asko hil ziren; hain zuzen, iritsiko gara horretara),

Filma kontzertu haren irudiekin eta suaren zabalkunde azkarrarekin hasten da. Jada inpakto handia egiten duten irudiak dira. Baina Colectiv filmaren gaia, sutearen beraren kausak baino gehiago, gero gertatu zen osasun eskandaluaren jarraipena da: sutean hil zirenez gain, bertan erredura larriak jasan zituztenen artean hilkortasun tasa ikaragarria izan zen. Zaurietatik, beste 38 lagun hil ziren.

Ospitalen prestakuntza falta? Trataera okerrak? Ikerketarako pista batzuk jaso zituen egunkari batek (kirol egunkari bat, bitxia bada ere), eta inbestigazio horri jarraitzen dio filmak. Batez ere, erredakzioaren ikuspegitik eta baita, aurrerago, kasuak eragindako gobernu krisi baten ondoren, Osasun ministeriotik bertatik ere, non ministro teknokrata harrigarri bat gardentasun osoz saiatu zen kasua argitzen.

Ospitaletako kudeaketa eta haien diru-kontu arraroak, izendapen politikoak ardura postuetan, erantzukizunen desbideraketa, gaixoen larritasuna burokraziaren aurrean... Deskribatzen diren gertaerek ez dute pareko zehatzik gertuagoko kontuekin. Baina pareko urrutiagokorik igarriko du ikusleak, akaso.

Guztiz gomendatzen dudan filma, Colectiv. Ingelesezko Collective izenarekin ere aurkituko duzue hortik.

Erantzun

Sartu