Maskara jantzita nabil kaletik gaur goizetik. Koronabirusaren krisi honetan, azken egunetako hausnarketa baten ondoren, farmazian erosi etxekoentzat, eta kalea zapaltzekotan horrela irtetea erabaki dut. Atzo bertan, ETB1eko gaueko albistegian esan zuen kazetari batek, denda txinatarrean saltzailea maskaraduna ikusirik, esan zuen bere piezan "maskara ez dela beharrezkoa". Baina begiratu Txina eta Koreako irudiak, hilabete eta erdi da han denak dabiltzala maskararekin.
Maskara jantzi dut, nire burua zaintzeko. Efizientzia zalantzazkoa dela, esan didate, eta hori segurua da, zalantzarena. Baina ezer baino gehiago bada, eta berriro Koreara begiratzen dut eta, han denek dute, eta eusteko edo buelta emateko fasean daude. Hemen hedapen fasean gaude, ez dut dudarik. Esan didate, baita ere, maskararekin errazago ukitzen duela norberak bere aurpegia eskuekin, arrisku praktikatzat aurkeztu zaiguna. Baliteke segun eta ze modelorekin, baina nik daukadan honek, mutur gogor eta filtroduna izanda (farmaziakoa da), hortik eustea ahalbidetzen du aurpegia ukitu gabe. Era berean, jarrita badut kontziente naiz agindu horrena, "ez ukitu aurpegia".
Maskara jantzi dut, ingurukoak zaintzeko. Urko Rodriguez autobus gidari donostiarra kexu zen atzo, zein segurtasun gutxi sentitzen duen 500 lagun bere paretik igarota autobusean. Normala. Eskolak foko posibleak badira, nola ez autobusak. Edo Urko bezala, pentsatu supermerkatuko kutxakoa: zenbat aurpegi pasatzen zaizkio aurretik hizketan? Nire hatsa, behintzat, ez doakie zuzenean langile horiei. Bestalde, tokatu da gure etxean, ate pareko pisuan 90 urteko emakumea bizi dela, bakarrik. Alaba etorriko zaio bi egun barru kanpotik, baina bitartean esan diot nik egingo dizkiodala erosketak, ez bera irteteko. Emakume horrentzako errekaduetan, ni maskararekin: ez diot inoren hatsa ekarri nahi neure hatsean. Sustoa ere eman diot, tratua proposatzeko atean maskaraz agertuta, baina hara, esan dit gero alaba datorrenean, berarentzat ere ekarriko duela maskara.
Maskara jantzi dut, beldurra emateko. Begiratu didate arraro, ez dakit estigma bat den aurpegian dudana. Sustoa ematen dizu ni horrela ikusteak? Hausnartu mesedez. Donostian jende asko (gehiegi!) dabil kalean, eta ia inortxo ere ez maskararekin. Erantzukizuna pertsonala ere badugu. Trafiko ataskoan zaudenean bezala, zer uste duzu? ez zara trafikoaren biktima, zu zara trafikoa. Pandemia zer da ba? birusak hegan tximeletak bezala? Pandemia gizakiak gara, gaixotasunaren garraiatzaileak.
Maskara jantzi dut, lotsa pasatzeko. Gizon bat, haurrarekin, bizikleta eta ume.gurditxoarekin: zerbait esan dit baina ez diot ulertu, thumbs-up keinua egin diot. Handik 5 minutura umearekin Todotodoan zegoen. Haurtzaindegia foko potentziala da, baima Todotodoa ez? Todotodoko kajerak ere oso arraro begiratu dit: niri ote dit beldurra eta ez berriketa babesik gabe 50 zentrimetora egiten diotenei? Edadeko jende dexente erosleen artean, baina behintzat gaur ez da jaitsi Inaxi, gure aldameneko andre hori, serio xamar esan diodalako, maskara jantzita, neuk egingo nizkiola erosketak eta ez okurritzeko berari kalera irtetea. Twitterren ego-publizitate pixkat ere egin dut keinu honekin, eta hemen ere bai. Pasatu lotsa zuek ere, eta egin egin beharrekoa.
Maskara jantzi dut, protesta egiteko. Ez delako onargarria Donostiako autobus-gidarien trantzea. Ez delako onargarria Iberdrolak Eulen garbiketa enpresakoei jarritako debekua, hain zuzen ere maskarak erabiltzeko debekua (!!!).
Maskara jantzi dut, ia denok jantziko dugulako laster. Espainiako Gobernuburuak esan zuen atzo, milioi bat enkargatu dituztela jada, eta beste erosketa masibo batzuk etorriko direla gero. Erakundeen erantzukizuna delako hau ere, baina horren faltan, guk eman behar dugulako urratsa.
Ez irten, ahal bada, eta ez pertsonen multzokatzean kolaboratu; baina irten behar izanez gero, jantzi maskara.
Aupa Luistxo! Ba nik ez dot maskararik jantzi, ezta jantziko, nere Elkargo Profesionalak agindua emon arte; oiñ arte hortik etorrittako aginduak zorrotz betetzen jarraittuko dot: ez gitxiago, baiña ezta gehixago be. Diziplina militarran ordua da. Oiñ gehixago, Iñigo Urkullu lehendakarixak EAEko lur, itsaso eta aireko ertzain, suhiltzaile eta miñoi ejerzituen comandante en jefe postua hartu dabenian (Zaldibarko larrapastadia ez errepikatzeko edo?). ;-)
Halan be, bildurra errespetatzen dot. Ez zaittut kritikauko, ez zuri ezta histeria kolektibuak hartuta dagon jentetziari be. Baiña bai nabarmendu Korean asuntuari bueltan hastia, maskarillana moduan "regresion a la media" fenomenuana bardin-bardin izan leikiala. https://es.wikipedia.org/wiki/Regresi%C3%B3n_a_la_media Hori be etorriko jaku hamen. Eta Inglaterran.
Eta bide batez esanda: Iñaxi ez bada kalera urtetzen, emoixozu (berari edo alabiari) etxian ariketatxo hauek egitteko proposamena. http://abante.eus/etxean-kuarentenan-dauden-pazienteei-zuzendua/ 90 urteko bati eguneroko paseotxua kentzia oso problematikua izan leike, forma fisikua oso bizkor galtzen dabe.