Teknologia albisteak

Mugikorreko ohar eta doinuak neurrira murrizteko

Erabiltzailearen aurpegia
2020-01-06 : 10:05

Ez dakit inori interesatuko zaion, baina nik neuk telefonoa nola konfiguratuta dudan azalduko dizuet: ohartarazpenen molestia minimo batera jaisteko modua aurkitzeko buelta batzuk eman dizkiot nire Android mugikorrari, eta metodo jakin batekin gustura geratu naiz azkenean.

Helburu hauxe nuen: bibrazio eta doinu abisuak minimora jaistea; zerora, izatez. Aplikazioz aplikazioko doiketak egitea zail samarra egiten zen, eta bestalde, notifikazioak jasotzea gustatzen zait, nahi dut etor daitezen eta telefonoari begiratzen diodanean zerrendatuta ager daitezen: ez dudana nahi da iristen den bakoitzarekin mini-soinu edo mini-dardara bat pairatu behar izatea.

Azkenean, metodo sinpleena zera da: Ez molestatu egoeraren ezarpenetan, bibrazio eta jakinarazpen soinu guztiak kentzea. Baina era berean, telefono deiak jaso nahi ditudanez, salbuespen bat ezartzen dut Deiak alorrean. Goiko irudian ikusten denez, une horretan edonor baimendua dut bere deiak soinua jo dezan.

Deien salbuespenak ere baditu doiketa interesgarri posible batzuk, interfazeko bigarren irudian ikusten duguna. Edonoren deiekin jo dezake telefonoak, irudian bezala utzita, edo, bestela, Bat ere ez aukeratu dezaket, bilera batera sartzen banaiz adibidez. Tarteko aukera, "Kontaktuenak soilik" edo "Kontaktu izardunenak soilik" ere erabiltzen ditut tarteka. Google Contacts aplikazioaren bidez, kasu horretan, han daudenen deiak onar ditzaket, eta kasu batzuetan izarrarekin markatuta ditudanez, hori ere ondo datorkit. Esate baterako, bilera batera sartzen naiz eta mutu nahi dut telefonoa, baina etxeko kontu bategatik dei inportante baten etena onartzeko prest nago (bilerakideei ohartaraziz, "dei garrantzitsu baten zain nago eta barkatuko didazue jotzen badu..."), eta hortaz Kontaktu izardunenak soilik aktibatzen dut.

Laburbilduz, egoera berezi batean izan ohi dudala telefonoa 24 ordutan: Ez molestatu egoeran beti, baina deien salbuspena tarteka modulatuz.

Eta hau Android sistema eragile euskaratuan konfiguratzen dut, nire Xiaomi gailua euskararako prestatua dagoelako.

 

Erantzun

Sartu