Teknologia albisteak

Hamarkada berri on guztioi!

Erabiltzailearen aurpegia
2020-01-01 : 11:56

Agian zuen etxeetan ere izan da eztabaida hamarkada gaur hasi ote den, edo urtebete itxaron ote behar den 2021. urtera arte. Uste dut gauza bat dela hamarreko bat kontatzen hastea, eta beste bat hamarkada. Beraz, urte berri on eta ongi etorri 2020ko hamarkadara, 20ko urteetera edo hogeiko hamarraldira.

Hamarreko bat kontatzen hastekotan, 1. alearekin hasiko gara, eta 10.a batzean osatuko dugu. Horrenbeste matematika edozeinek ulertzen du. Urte kontaketari printzipio bera aplikatuz, matematikariren batzuek eta haien aldekoren batzuek esaten dute Jesus jaio zen urteari 0. urtea ez zaionez esaten (ez omen zen esistitu zero urtea), hamarkadak 1. urtean hasi zirela zenbatzen, eta 10. enean osatu zela kristau-aroko lehen hamarkada.

Kontzeptu historikoki zalantzagarria, gutxienez. Noiz eta nola hasi zen urte zenbaketa kristaua da kontu bat, eta harekin historikoki hamarkada kontzeptua non eta nola aplikatu zen... historiak zaila izango du hori ikertzea, baina tira, akaso inoiz argituko da.

Hamarkada, berriz, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, 10 urteko denbora bitartea da, eta ez du loturarik denbora-bitarte horren hasierarekin. 2004an hasi daiteke 10 urteko tarte jakin bat, Urliaren agintaldia dena delako lurraldean, eta 10 urte iraun baditu, Urliaren hamarkada da hori.

Eta urte kontaketari dagokionez, kontua kulturala da, eta ez duela 2020. urte hasi omen zen zenbaketa matematiko bati lotua. Eta kulturalki ezin da zalantza handirik egon, adibidez, U2 eta Orchestral Manouvers in the Dark taldeen debut-diskoak 1980an izan baziren, talde hauek 1980ko hamarkadakoak direla. Ez dira izango ba 1970eko hamarkadakoak...

Euskaltzaindiaren Hiztegiko edo Berriaren Estilo Liburuko adibidezko aipuek ez dute zehatz esaten, baina "1980ko hamarkada edo hamarraldia; 80ko urteak" edo "Hirurogeiko hamarkadaren bukaera" aipatzen direlarik, ez da buruan sartzen lehen adibidean 1980. urtea ez denik sartzen, eta 2. adibidea 1970. urteari dagokionik.

Wikipediak ere horrela sailkatzen ditu hamarkadak, logikak eta zentzunak gomendatzen duen bezala.

Hortaz, 20ko hamarkada on lagunok, eta gogoratu, ez mesedez "2020. hamarkada", edo "20. hamarkada" edo "hogeigarren hamarkada."



Erantzun

Sartu