Teknologia albisteak

José A. Pérez (@mimesacojea), EHko komunikatzaile espainol interesgarrienetakoa

Erabiltzailearen aurpegia
2015-10-12 : 08:35

Ekitaldi sorta bati ekin zioten Bilbon duela egun batzuk, eta hilabetero berriztu nahi dute esperientzia antolatzaileek. Social Afterworks hauek La Salve garagardo markak eta Alianzo Internet enpresak sortu dituzte, eta lehenbizikoaren gonbidatua José A. Pérez izan zen, gidoilari, blogari eta komunikatzaile bilbotarra. Hitzaldi horren kronika Mugikarian agertu zen lehenbizi eta orain hemen duzue.

Lehen Social Afterworks hau Bilboko Cinnamon tabernan izan zen, Abanton, irailaren 30ean, eta gonbidatu interesgarri bat izan zen: José A. Pérez (Bilbo, 1979), @mimesacojea Twitterren eta blogosferan, Euskal Herritik azken urteetan sortu den komunikatzaile espainol interesgarrienetakoa. Une honetan, TVEn, Orbita Laika zientzia programa zuzentzen du.

Umorea sare sozialetan eta komunikazioan, hori izan zuen gaia Perezek, Mi Mesa Cojea-n blog estilo sarkastiko bat erabiltzen duelako egin baita ezagun. Horrez gain, gidoilari lanetan ere komentario azidoak egiten lan egiten du, eta idatzizko edo ahozko kolaborazioetan ere estilo hori lantzen du.

Bloga: marra gorri barik (edo gutxiagorekin)

Medio guzti horien artean eta bere blogaren artean desberdintasun nabarmen bat dago, eta da bere blogean libreki adierazten dituela nahi dituenak, non eta medio jakin batean marra gorriak beti daude. Radio Euskadin ezin da sartu EAJrekin SER irratian sartu daitekeen bezala, aitortu zuen, eta ElDiario.es-en akaso sartu daiteke Podemos-ekin, baina jakinaren gainean nolako zaparrada botako dioten irakurleek.

Mi Mesa Cojea-n aldiz, libreago dago, eta bloga sortu zuen, hain zuzen, Sergio Monge EHUko irakasleak komentatu ziolako "krisi momentu" batean: El Hormiguero telebista programa espainiarren Madeleine McCann ume desagertuaren inguruko txiste bat egin zuen, eta grazia zuen arren, desegoki geratu zen, eta halakorik telebistan berriz ez egiteko aholkatu zioten. Orduan, bada, marra gorrietatik haratago egon zitekeena argitaratzeko, horretarako sortu zuen Mi Mesa Cojea.

Grazia izatea ez da beharrezkoa, ezta ona ere beti


Sare sozialetan edo Interneten oro har umorearekin nola jokatu galdetu zioten batek baino gehiagok tertulian. Interneterako aholkurik ez zeukala esan zuen, baina pista batzuk eman zituen. Adibidez, tertulian behin baino gehiagotan irten zen Espainian famatu bihurtu den Polizia Nazionalaren @policia Twitter kontua, zeina ospetsu bihurtu den tipo batek eraman izan duen (Carlos Fernández Guerra, orain Iberdrolaren community manager). Fernandezen lana ona izan dela aitortuz, zalantza azaldu zuen ea Polizia graziosoa izan daitekeen komunikazio publikoan, eta izatez, @policia graziosoa izan bada, zentzu berezi batean izan da: ez berez barregarria izan delako, baizik eta izeba nagusi bat graziosoa izan daitekeen heinean izan dela, grazia egin digula. Gainera, adibide txar bat ezarri omen du, eta orain beste polizia batzuek ere grazioso izan nahi dute Twitterren, emaitza negargarriekin, adibidez, Bilboko Udaltzaingoak, @Bilbao_Polizia kontuarekin.

Gainera, graziosoa izatearena... "Izan zaitezke graziosoa.. baldin bazara!, eta ez baduzu graziarik, ba ez sartu beste baten kontra txiste hobeak egitera, galdu egingo baituzu." Gainera, interesgarri izateko ez duzu izan behar grazioso. Aurkezpen bat egitera bazoaz, ez zaude derrigortuta txiste bat sartzera 5 diapotatik batean. Grazia baduzu, erabili, baina bestela, ikusi nola TED hitzaldietan aurkezpen ezin interesgarriagoak daude serio emandakoak. "Steve Jobs ez zen graziosoa, tipo lehor bat zen, baina haren hitzaldiak, errepikatuta ikus daitezke", esan zigun Perezek.

Elkarrizketa eta liburu pasarte faltsuak


Blogean idatzi izan dituen hainbat gauzen artean, elkarrizketa imajinarioak bihurtu izan dira ezagunak, eta horien artean, hurrengoetako bat Ciudadanos-eko Albert Riverarekin egingo duela seguruenik, aurreratu zigun. Ezinezko elkarrizketatu bat ere aipatu zigun: Urkullu lehendakaria, profilik gabeko gizon baten gisara deskribatu zigun, nolabait Zaldieroak marrazten duen bezala.



Mimesacojea-ko beste berezitasun bat dira liburuen pasarte asmatuak, non astakeria galantak idatzi arren (igar zedin ironia hutsa zela dena), jendeak sinetsi egin dituen Paulo Coelho-ren edo Jose Maria Aznarren liburuen ustezko pasarteak. Puntu horretatik beste ondorio bat azaldu zigun Perezek: ezinezkoa da ironia beti jakinaraztea, beti dago harrapatzen ez duen jendea, eta harrapatuta edo ez, haserretuko direnak ere badaude.

Espainiako kontestu fantastikoa (eta EHko anekdota parea)


Batzuetan, gainera, Espainiako kontestuan, albiste errealen eta esajerazio fantastikoenen artean aldean desberdintzea hain da zaila, non mugak ez daude batere argi. Aznar eta Rajoy bezalako pertsonaiekin gertatzen da hori, Perezen ustez, baina eguneroko albisteekin ere bai. Hitzaldiaren egunean bertan, esan zigunez, "Madrilen horma bat bota dute, eta atzean 1.200 metro koadroko kiroldegi bat agertu da bat-batean! Ez da txantxa, egia da, bilatu ezazue!".

Material ironiko eta sarkastikoarekin jolasean, blogaren hastapenetan salaketa/jazarpenen batzuk izan zituen. The Sun egunkaria eta ETAkide baten aita bat aipatu zituen Perezek. Orain, horrelako gutxiago jasotzen ditu, agian medio gehiagotan kolaboratzeagatik babestuago dagoelako. Dena den, presioen aurrean, halako defentsa-mekanismo bat sortu du, barkamen aurre-eskaera bat, zeina Creative Commons ere izendatu duen.

Bestalde, blogetik, behin bakarrik ezabatu du post bat: datuetan zehaztu gabe esan du Bilboko PPko zinegotzi batek komentzitu zuela, 20 minutuko elkarrizketa batean, post jakin bat mingarria eta desegokia zela emakumezko jakin batentzat. Argudioek komentzitu zuten Perez, eta post hori ez dago jada blogean. Nolanahi ere, ohar bat Perezen partetik: "Ni idazten dudanaren erantzule naiz, ez zuk ulertzen duzunaren erantzule."

Ordubetetxo iraun zuen tertuliak. Argazkian bezala egon zen Perez hizketan, mikro barik, La Salve-ko Iker Merchan eta Alianzoko Jose del Moral ezker-eskuin zituela. Aurrekari interesgarri bat hurrengo Social Afterworks ekitaldirako. Atento egongo gara.

Erantzun

Sartu