Abenduan jakin nuen eskaera zebilela Donostian Udal Liburutegiari Txillardegi izena emateko. Poztu nintzen: Aldundiarena 'Koldo Mitxelena' dugu, eta beste izen ilustre bat hirian dugun liburutegi sare bikainean primeran zetorrela iruditu zitzaidan. Ez nuen susmatu (a ze inuzentea!) asmoak ez zuela aurrera egingo. Berandu, Dani Goñi irakaslearen gutun baten bidez jakin dut hori, eta hark bezala, kontra egin duten zinegotzien jarrerari penagarria deritzot. Tristea eta mingarria, oso.
http://irutxulo.hitza.info/2014/01/16/dani-goni-miren-aitziber-eneko-zergatik/
Pena handiz jaso dut Donostiako Udal-Biletzarrak hartutako erabakia Txillardegiri buruz: honako proposamenari ezezkoa emanez: Donostiako Liburutegi nagusiari TXILLARDEGI LIBURUTEGIA izena jartzekoa. Ez ditut ezagutzen erabili ziren arrazoiak horretarako, oraindik gutxiago jakinda ezezko batzuk eman zirela Txillardegi ondo ezagutzen duten partetik: nola horrela geretatu?, nolakoak izan ziren arrazoi horiek?
Orain bi urte hilzenean, zenbait omenaldi egin zizaizkion Txillardegiri, zenbait leku eta testuinguru ezberdinetan!; nik parte hartu nuen, adibidez, bi hauetan: UPV/EHUko Antropologia eta Hezkuntza Zientzia Fakultatean, eta BAT. Soziolinguistika Aldizkaria, 71 zenbakian ere. Omenaldi hauek agerian utzi ziguten Txillardegiren emaitza aberatsak, gehienbat Euskararekiko, diziplina-artekotasuna erabiliz. Ba ote dago besteren bat, Donostian, egokiagoa denik bertako Udal-Liburutegi nagusian bere izena jartzeko, gorago aipatu bezala?
Ausartzen naiz eskatzen hurrengo Udalbatzarrean hau berriro eztabaidatzea, proposamena aurrera egiteko, bai?