Interneteko presentzia ixteko "dekretatu" arren, sarean jarraitzen du Herrirak
2013-10-01 14:26
Herria erakundearen kontrako polizia operazioaren harira, Espainiako Barne Ministerioaren atzoko prentsa oharrak Interneteko hainbat baliabideren itxiera ere iragarri zuen. "Dekretatu" zela zioen oharrak, eta hedabide askok baliabide horiek itxi egin zirela jakinarazi zuten (EITBk, adibidez, atzoko egun osoan zehar). Baina kontuak eta webguneak irekita daude. Noiz arte? Eta norainokoa da "dekretuaren" mehatxua?
Zeren itxiera dekretatu duten ez da jakinarazi. Baina kopuruak eman ditu Barne Ministerioak:- Twitterreko 32 profil
- Facebook-eko 125 kontu
- 38 webgune
- Twitterren, @herrira_info kontuak irekita jarraitzen du, eta atzo txioak ere egin zituen (gaur ez, ordea).
- Herrira.org webgune nagusiak sarean jarraitzen du (baina ez da eguneratu operazioa berritu zenik). Arabako Herriraren webgunea ere irekita dago, eta eguneratua kasu honetan.
- Herrirak materiala saltzeko denda bat ere badu sarean. Webgunea martxan dago, baina ez dakigu erosketa prozesuak funtzionatzen ote duen. Diru-kontuen interbentzioa ere agindu zuen atzo Audientzia Nazionalak...
- Facebook-en, herrietako Herrira batzordeen hainbat orri irekita daude.
Facebook-eko orrien kasuan, bilaketa batean Herrira izenarekin identifikatu daitezkeen dozena bat orri aurkitu ditut, ez 125, inondik ere. Horietako batzuk "pertsona profilarekin" daude ("lagunak" egiteko moduan; Facebook-ek edozein unetan ezaba ditzake, bere arauetatik kanpo geratzen delako erakunde-orri bat profil prertsonalarekin gorpuztea), eta beste batzuk, egokiago agian, "orrialde profilarekin". Hauen artean, Herrira mugimenduaren orri ofiziala eguneratu gabe geratu da operazioaren ondoren.
Damoklesen ezpata bezala, beren gainean "itxiera dekretatua" dute sareko euskal baliabide askok. Nola edo noiz gauzatuko den hori, gauzatzen bada, ez dakigu, ezta ere mehatxua noraino iristen den, norengana, kopuruz ikaragarria baita itxi nahi dutena.
Webguneen itxieraren motibo eta prozeduren inguruan eztabaida eta jurisprudentziarik ez da falta Espainian. Ikus-entzunezkoen materialen banaketarekin zerikusia duten webguneen inguruan izan ohi da eztabaida hori.
Ematen du Euskal Herrian sortzen diren webguneekin ez dela beste prozedurarik behar, ez sententziarik ez ezer: Audientzia Nazionalak dekretatzearekin nahikoa da.
Erantzunak kargatzen...