Hemen eta beste toki batzuetan jakinik ikurrina kentzeko eskatu ziotela Maialen Chourraut-en jarraitzaileei (baita bretainiar bati berea), kezkaz idatzi nuen ingelesez neure blogean, arauek onartzen dutelakoan. Han izandako erantzun bategatik jakin dut, Londresen kokatutariko diseinatzaile batek urrats zehatzak hartu dituela egoera argitzeko, eta antolakuntzaren mezu bat lortu du, baieztatuz espreski ikurrina baimenduta dagoela.
Nik interesa dut kontu honetan datorren astean Londresera noalako, eta informazioa ere bildua nuen. Haren arabera, arauak irakurrita, nik uste argi zegoela ikurrina baimendua zegoela.
Flags of countries not participating in the Games (this excludes the flags of nations under the umbrella of a participating country such as England, Scotland and Wales)
Argudiatu daiteke, beraz, Espainiaren guardasolaren azpian gaudela nolabait.
Baina egia dira, halaber, arazoak izan direla (ez kasu guztietan, ordea). Ingelesezko protesta idatzi ondoren, erantzun bat jaso dut gaur. Asier sinatzen duen lagunak (Twitterren eta bere diseinu agentziaren webgunean Zorrrrro, 5 R-rekin), antolatzaileei deitu zien.
Lehenik eta behin, telefonoz bolondres batek aitzakiak jarri zizkion diseinatzaile honi: bakarrik Gales, Ingalaterra, eta Eskoziarako zela araua... edo separatistak garela (Eskozian independentzia erreferenduma egin behar dute, hemen...), edo borrokatu egin ditugula espainolak.
Txorakeria horien aurrean beste gestio bat egin, eta antolakuntzaren komunikazio taldearen mezu elektronikoa jaso du. David Paull prentsako arduradunak sinatzen du, baieztatuz LOCOG-en arauen barruan dagoela ikurrina.
Hemen duzue irudia edo PDF-a. Inor joatekoa bada, badaezpada inprimatuta eraman bai arauak eta bai mezu hau.
Arau hau ikusleei dagokie dena den. Kirolari batek ikurrina aterako balu baliteke arazoak izatea. Gertatu zaio Australiako boxeolari aborigen bati. Aborigenen banderak estatus ofiziala du Australian, eta hala ere ohartarazpena egin zioten boxeolari honi.
Ohar parea:
Mila esker Edu eta Ana baina Asier Odriozola @zorrrrro -ri dagokio eskertza kontu honetan. Gaur Garak argitu du bere izena, eta zerbait gehiago kontatu du, berak eta bere emazteak egindako gestioaren nondik norakoa: http://www.gara.net/paperezkoa/20120806/355845/es/La-ikurrina-si-tiene-quien-defienda
Good job, indeed, Mr. Fernandez.