Sustatu logoa Teknologia albisteak

Azulejuzko publizitatea: salbatzea merezi lukeen zerbait

Luistxo Fernandez
2012-07-09 11:16

Geratzen ote da inguruotan horrelakorik? Bizkaian herri-sarreretan herrien izenekin daude errotulo zahar batzuk, askok ezagutuko dituzue, baina gaur aipatzen dudan eredua mezu komertzialekin dator. Eta estilo honetako bi ezagutzen ditut. Erdi ezabatuak, Gipuzkoan. Ez dakit asko iraungo duten.

Philips Autoradio dio. N-634 errepide mitikoaren ondoan dago, Aginagako irteeran, Oriorako norabidean eskumatara geratzen den etxean.

Philips Autoradio

Bestea ere errepide horretatik gertu dago, eta Telefunkenena da hain zuzen. Arroako tren geltoki ia abandonatuan dago.

Telefunken, Arroako tren geltokian

Salbatu ditzagun 20. mendeko artelan hauek. Ez dakit nola egin daitekeen, baina... ez dadila gertatu. Donostia 2016ri esan behar zaio agian? Entzun dut Europako Hiriburu kulturalaren kontua Gipuzkoako hiriburutik eskualdera edo probintziara hedatu nahi dutela. Ba, tira, horra ekintza xume bat, irudi hauen salbazioa: ez dakit dauden tokian ala, badaezpada, azulejoz azulejo beste norabait mugituta.

Gaztelako adibide pare bat

Toki batzuetan hartu dute ardura irudiak salbatzeko.

Lagun batek, David Gonzalez Ketarik, Gaztelan (Espinosa de los Monteros) bizitza barkatu zaion bat deskubritu zuen. Geltokia guztiz eraldatu den arren, pareta eta azulejoak salbatzea erabaki zuten. Telefunkenena, hain zuzen ere.

Beste hau ere Gaztelako geltoki batean dagoen mapa bat da. Ana Malagonek atera zion argazkia, Miranda de Ebron. Euskal Herrian balego, zuzentasun politikoak aspaldi ezabatuko zuela uste dut... edo agian ez.

Besterik ezagutzen duzue zuek? Han edo hemen?

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu