Teknologia albisteak

Euskaraz bizi nahi dut film laburren lehiaketaren bigarren edizio berritua aurkeztu du Kontseiluak

Erabiltzailearen aurpegia
2013-07-15 : 16:02
Aurten indarberrituta dator Euskaraz bizi nahi dut film laburren lehiaketa; izan ere, Donostiako zinemaldiak eta Hendaia Film Festibalek Kontseiluaren ekimenaren bat egin eta indarrak batu dituzte. Prentsaurrekoan aurkeztu du ekimena Kontseiluak. 

Iaz abiatutako bideari jarraituz, bigarren aldiz antolatu du Kontseiluak Euskaraz bizi nahi dut film laburren lehiaketa. Izen bereko dinamikaren baitan kokatzen den ekimena da hau eta hain zuen ere, dinamikaren filosofiari jarraituz, elkarlanari bidea zabaldu dio aurtengo edizioak. Dinamikaren funtsa jendarte mugimendu zabala eratzea dela esan du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak, dinamika bera aurkeztu zenean esandakoak gogora ekarriz. "Euskararen normalizazio prozesuan urrats kualitatiboak eman nahi baldin baditugu, beharrezkoa da eraldaketa soziala ematea eta eraldaketa sozial horretan guztiok dugu zer egina eta zer esana."

"Bizitzea ez da ikastea bakarrik edo familiarekin hitz egitea, euskaraz bizitzea zinea ikustea ere bada, eta kirola egitea, eta lan egitea, hedabideak erabiltzea, medikuarenera joatea, salerostea... Esnatzen garenetik oheratzen garen arte pertsona baten ohiko jarduerak euskaraz egitea da euskaraz bizi nahi izatea. Eta hasi gara euskaraz bizitzeko nahi hori hedatzen, eta ikusgarri egiten. Izan ere, pentsamendu aldaketara baldin bagoaz, zeinek  bere moduan erakutsi behar du euskaraz bizitzeko nahia" esan du Kontseiluko idazkari nagusiak. 

Iazko lehiaketak harrera ona izan zuen eta aurtengoak ere bide horretan jarraitzea espero dugu. Zinemagileentzat bi eszenatoki garrantzitsu izango dira, aukera emango diena euren lanak nazioarteko bi zinemalditan aurkeztuak izan daitezen. Aztertzen ari gara leku gehiagotan filmak erakusteko aukera ere. Beraz, irabazleek dirutan jasoko duten sariaz gain, Donostiako Zinemaldian eta Hendaia Film Festival-en egingo diren jendaurreko emanaldiak izango dituzte sari eta litekeena da ondoren ere beste zinemaldi edo zinema-aretoetan ere ikusgai egotea.

"Film laburren bidez euskaraz bizitzeko nahia irudikatzea da lehiaketa honen helburua. Helburuari jarraituz, beraz, aurkeztuko diren lanen gaiak ere hori izan behar du: euskaraz bizitzeko nahia", esan du Kontseiluko komunikazio buru Saioa Rodriguezek.

Lehiaketan parte hartzeko oinarriak www.euskarazbizinahidut.org webgunean ikus badaitezke ere,  hainbat azalpen eman dituzte prentsaurrekoan. 

Hauek dira lehiaketaren bitartez landu nahi diren edukiak: Euskaraz bizi nahi dut pentsamendua hedatzea. Hau da, herritarrei euskaraz bizitzeko arrazoiak eskaintzea. Euskaraz biz nahi duten herritarrek pairatu behar dituzten egoerak agerian uztea eta horiek eragiten dieten egonezina erakustea. Euskaraz bizitzea erabaki dutenen adorea eta jasotzen duten elkartasuna erakustea. Etorkizuna irabazteko euskaraz bizi nahi dut pentsamendua iraultzailea dela erakustea. Horiek dira hautatu daitezkeen ideiak filma egiterako orduan. Zinegilea, bestalde, librea da nahi duen generoa erabiltzeko, azaldu du Rodriguezek. 

Lanen iraupenari dagokionez, film laburrak soilik onartuko dira eta ondorioz, aurkezten diren lanek film laburren iraupen estandarretara mugatu beharko dute. Webgunean ikus daiteke lanak zein formatuetan onartuko diren eta nola helarazi behar zaizkigun ere. Irailaren 15a bitarteko epea izango dute parte-hartzaileek lanak bidaltzeko aukera. 

Hautaketa prozesua sektoreko profesionalek osatutako bi epai-mahaik egingo dute. Donostiako zinemaldirako saridun bat hautatuko dute eta Hendaiako zinemaldirako beste bat hautatuko du bertarako osatutako epaimahaiak. Donostiako Zinemaldirako hautatzen den saridunak 2.000 euro jasoko du eta Hendaiako Film Festival-eko Les Variétés saria, izen bereko Hendaiako zinemak emango duena, 400 euro eta aurkeztutako filma DCP formatura bihurtzea izango da.

Iazko lehen saria David Bernues-en Musika airean lanari eman zitzaion.

Erantzun

Sartu