Teknologia albisteak

Euskaraz etiketatu, manifestua eta webgunea

Erabiltzailearen aurpegia
2012-09-28 : 18:18

"Euskal Herrian banatzen diren produktuak euskara hutsez etiketatzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu..." Ostiralean publiko egindako euskaraz etiketatzearten aldeko manifestuaren 1. puntua horrela hasten da. Manifestuarekin ados bazaude, eman zure atxikimendua www.euskarazetiketatu.com web gunean.

 

Euskal Autonomia Erkidegoan euskarak ofizialtasuna eta aitortza duen arren, eta lurralde hauetako berezko hizkuntza izanik, kezka handiz ikusten dugu geure Herrian kontsumoaren arloko hizkuntza-paisaia eta produktuen gaineko informazioa erabat erdalduna eta arrotza dela.

Testuinguru horretan ikusten dugu Euskal Herrian banatzen diren produktuak euskaraz ere etiketatuta egotea bermatu beharrean, Eusko Jaurlaritzak euskara hutsez etiketatzeagatik prozedura ireki eta isuna eta debekua iragarri dituela. Hori dela eta, honakoa aldarrikatu nahi dugu:

1.- Euskal Herrian banatzen diren produktuak euskara hutsez etiketatzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu. Euskarari ofizialtasuna aitortu zitzaionetik 30 urte igaro diren honetan, produktuak euskara hutsez etiketatzeko mugek eta arazoek ezerezean uzten dituzte kontsumitzaile euskaldunei bermatu beharreko eskubide guztiak.

2.- Euskal Herrian banatzen diren produktuak, gutxienez, euskaraz etiketatu beharko lirateke. Kontsumitzaile gisan badugu eskubidea euskara ezagutzeko produktuek dituzten osagaiak, erabiltzeko argibideak eta gomendioak.

3.- Ez dugu onartzen euskaldunon eskubideak bermatzeko urratsak emateagatik inolako isunik jasotzea. Zentzu horretan publikoki galdegiten diogu Eusko Jaurlaritzari euskaraz etiketatzearren Euskal Herria Esnearen kontra irekitako prozedura zehagarria bertan behera utz dezan.

4.- Kontsumo-harremanetan euskarak duen egoeraz ohartuta, kontsumitzaile euskaldunon hizkuntza-eskubideen ikuspegitik, bada garaia euskaldunon aurkako muga eta zigorrak alde batera utzi eta administrazio publikoek produktuen etiketetan euskararen aldeko politika positiboak sustatzeko, saritzeko eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeko.

5.- Euskal ekoizle eta banatzaile guztiak euren etiketetan euskara erabiltzera animatu nahi ditugu, kontsumitzaileek eskertu eta baloratu egiten baitugu informazioa gure hizkuntzan jasotzea.

Manifestuarekin ados bazaude, eman zure atxikimendua www.euskarazetiketatu.com web gunean eta zabal zazu gure deiadarra #euskarazetiketatu eta @euskarazetiketa bidez!

Erantzun

Sartu