Euskaraz bizi nahi dut herri-lasterketak aurkeztu ditu Kontseiluak. Euskaraz bizi nahi dut! Dinamikaren baitan kokatzen den ekimenaren inguruko xehetasunak eman dituzte prentsaurrekoan Iker Salaberriak, Kontseiluko koordinatzaileak eta Donostiako eta Sakanako lasterketen antolatzaile taldeko kideek, Dani Goñik eta Eneka Maizek, hurrenez hurren. Irailaren 22an izango dira, Euskal Herriko hainbat herritan.
“Bada uste bat dioena, Txinatar guztiak batera salto egingo balute lurraren errotazioan eragingo luketela. Euskaltzaleok ez dugu lurraren errotazioan eragiteko helbururik, baina, bai euskaraz bizitzeko helburua edo nahi sendoa. Eta euskaltzale guztiok aldi berean eragingo bagenu euskaraz bizitzeko baldintzak sortzeko, seguru gaude gure mundu hurbilean aldaketa sakonak eragin eta euskaraz bizi ahal izatea posible egingo genukeela. Bide hori urratzeko abiatu zuen Kontseiluak euskaraz bizi nahi dut dinamika”, esan du Iker Salaberriak, Kontseiluko koordinatzaileak.
Euskaraz bizi nahi dut dinamikak 2010eko maiatzaren 15ean Iruñean egindako manifestazioan du jatorria. Kontseiluaren ustez, normalizazio prozesuan urrats kualitatiboak eman ahal izateko, beharrezkoa da eraldaketa soziala ematea eta eraldaketa sozial horretan, guztiok dugu zer egina eta zer esana; horregatik, hain zuzen ere, dinamika arlo sozialeko esparru desberdinetara hedatu nahi da. “Dinamika dela diogu, izan ere, bere baitan hainbat ekimen bilduko ditu, denboran zehar garatzen joango direnak”, esan du Salaberriak.
Dinamikaren funtsa zein den gogorarazi du Salaberriak. “Jendarte mugimendu zabala eratzea da dinamikaren funtsa eta euskaraz bizi nahi duen orok lekua du dinamika honetan, bere ekarpena, gainera, nahi duen espresio edo agerpen mota erabiliz egin dezake. Asko gara euskaraz bizi nahi dugunak, jadanik euskaraz bizitzeko hautua egin dugunak eta geure eguneroko jardunean hori praktikan jartzen dugunak eta hori metatzen joan behar dugu”.
Gizartearen arlo desberdinetan lanean ari direnei aurkeztu zaie dinamika, helburua baita bizitza sozialeko eremu desberdinetan euskaraz bizitzeko nahiak lekua izan dezan eta aldi berean euskaraz bizitzeko nahia esparru desberdinetan ikustaraztea eta aldarrikatzea. Hor kokatzen dira, besteak beste, film laburren lehiaketa, Hizkuntzaren keinua liburu kolektiboa, zeinaren baitan 25 idazlek eta 26 ilustratzailek espresio artistiko desberdinak erabiliz euren euskaraz bizitzeko nahia aldarrikatu zuten eta baita orain aurkeztutako herri-lasterketak ere.
Irailaren 22an izango da ekimena. Esan bezala, Euskal Herriko hainbat herritan. Oraindik zehazte lanetan ari bagara ere, 50tik gora herritan egingo dira herri-lasterketak. Familia giroan lasterka egiteko gonbita luzatuta, ibilbideak ere guztiontzat moldatutakoak izango direla aipatu du Sakanako herri-lasterketa antolatze lanetan ari den Eneka Maizen.
Ekimenaren helburuaren inguruan ere aritu da Maiz. “Ekimen honen bitartez, euskaraz bizitzeko nahia agertu nahi dugu, batetik; jarduera euskaraz egin nahi dugu; talde-lana sustatu nahi dugu, ez baitira lasterketa lehiakorrak izango. Familia giroan egiteko moduko ekimena aurkezten dizuegu. Famili artean lasterka egin, euskaraz noski eta ongi pasatzeko gonbitea da egiten duguna. Kirola egiteko deia luzatuz eta hortaz, ekimen osasungarria da aurkezten dizueguna”, esan du.
Herri-lasterketetan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da izena ematea. Izen-ematea irailaren 1etik aurrera egin ahal izango da eta bi bide egongo dira horretarako: interneten www.euskarazbizinahidut.org webgunean eta lasterketak antolatuko diren herrietan bertan; lasterketa-egunean bertan ere aukera izango da. Bi aukera egongo dira izena ematerako orduan eta prezioa ere horren baitakoa izango da: haurrei dagokienez, euskaraz bizi nahi dut kamiseta eskuratu nahi baldin badute, 7 euro ordaindu beharko dute eta kamisetarik gabe 2euro. Helduen kasuan ere bi aukera egongo dira: kamiseta eskuratu nahi izatekotan 10 euro ordaindu beharko dituzte eta 5 euro berriz, kamisetarik hartzen ez baldin badute.
Euskaraz bizi nahi duten herritarrei dei egin die Kontseiluak ekimenean parte har dezaten. Izan ere, “milaka herritarrek euskaraz bizitzeko erabaki sendoa erakusten badugu, euskaraz bizitzeko baldintzak lortuko ditugu, eta berandu baino lehen euskaraz biziko gara, herri hau euskaraz biziko da. Lasterketen bitartez, aukera izango dugu, ehunka, milaka herritarrek, aldi berean, euskaraz bizitzeko nahia ozen aldarrikatzeko”, adierazi du Kontseiluko kideak.
Lasterketei buruzko informazioa webgune honetan kontsultatu ahal izango da. Aurrerago ere Lasterketak.com webgunean ere informazioa hedatuko da.
Erantzun
Sartu