Teknologia albisteak

Kimutx, auzolanean dena da aberatsagoa.

Erabiltzailearen aurpegia
2012-12-04 : 20:52

Kimutx basoan bizi den iratxoa da, eta auzolanaren hazia erein du proiektu honetan parte hartu dugunon artean. Hazi horrek zuhaitz sendoa sortu du eta kanta eta ipuin bilduma bat baina askoz gehiago ekarri digu.

Kimutx proiektuan, 40 pertsona inguruk hartu dugu parte, bakoitzak dakiena emanez azken lau urte hauetan, eta azkenean argia ikusi eta bizitza publikora salto egin dugu.

Proiektu xume honetan parte hartu dugunon helburu pertsonala, bizi garen herria begirunez harturik, eta ondare kulturalaren taupadetan oinarrituz, haurren lehen urratseetako batzuen koloreztatze prozesu horretan bidelagun izatea. Asmoa ez da haurra kulturan txertatzea, baizik eta kultura senti dezan, gure gertutasuna senti dezala, inguruan duena maitatuz bestelako kulturak balioesteko aukera aberatsagoa sortuz.

Eta orain gure ekarpen guztiak modu aske batean zuekin partekatu nahi ditugu, amatxi, aitite, guraso, osaba-izebek egiten zuten eta egiten duten moduan, ahozkotasuna eta gertutasuna mimatuz.

Kimutx proiektuan material desberdina sortu dugu, orokorrean haurraren inguruan bizi diren helduentzat lagungarri den materiala: ipuin eta kantez gain, jolasteko, kantuz aritzeko, ipuin berriak sortzeko, margotzeko, laztantzeko, euskal mitologiaren munduan murgiltzeko material andana jarri dugu guztion eskura.

 

  • 11 kanta, 7 ipuin eta bestelako materiala biltzen dituen bilduma sortu dugu.
  • Proiektuko kanta guztien doinu musikatuei zuen ahotsa jartzeko aukera ere sortu dugu bakoitzak kantei bere ukitua gehitu ahal izateko.
  • Abestien partiturak doinu, akorde eta kanten letrarekin norberak bere tresnekin erabili ahal izateko.
  • Pertsonaiekin istorio berriak asmatzeko irudi mozgarriak sortu ditugu.
  • Norberak margotzeko irudiak ere topa ditzakezu.
  • Material guztia musutruk eskuratzeko www.kimutx.eu web orrialdea sortu dugu.

Eta zuenganako jauzia, sarean dagoeneko egin badugu ere, Durangoko Azokan egingo dugu fisikoki. HikHasi-ren postuan izango duzue salgai gure ipuin eta kanta bilduma. Gainera, abenduaren 7an, 12:30ean Saguganbaran egingo dugun aurkezpenera gonbidatu nahi zaituztegu, bertan, irudiek, kantek eta pertsonaiek bizia hartuko dute.

Erantzun

Sartu