Teknologia albisteak
5

Sony smartwatch bat daukat, erloju adimentsua

Erabiltzailearen aurpegia
2014-01-15 : 09:49

Sony smartwatch2-a gure Android telefonora NFC teknologia bitartez lotzen den erlojua da. Gabonetan oparitu zidaten bat eta CodeSyntax-eko lankideek matraka eman didate denei aurkeztu behar diedala zer den. Hemen duzue ba.

Azken finean, Smartwatcha bluetooth bidez lotzen da norberaren telefonora. Argazkian ikusten den moduan, bertan gehien erabiltzen ditugun aplikazioen jakinarazpenak jaso ditzakegu: Gmail, Twitter, Facebook, Whatsapp, dei galduak… gure eskumuturrean izango ditugu alegia. Telefonoak kargatzeko erabiltzen den kargadore berdinarekin kargatzen da eta erabilera arrunt batekin 3-4 egun irauten dizkio bateriak.

Natiboak diren aplikazioak baditu, baina badira gero eta aplikazio gehiago GooglePlay-tik deskargatu daitezkeenak: kirol entrenamenduetan laguntzen dutenak, erlojuaren itxura grafikoa aldatzen dutenak, eguraldiaren berri ematen dutenak, etab.

Gabon hauetako geek-opari arrakastatsuenak izan omen dira smartwatchak baina merkatuan dauden beste batzuk ez bestela (Samsung-a kasu) Sonyrena erakusleiho bat baino ez da, hau da, gauzak ikusi ditzakegu baina interakzio gutxi eskaintzen du. Nor ari zaigun deitzen ikusi dezakegu eta baita deia eten ere, baina ezin diogu erlojuari berba eginaz deiari erantzun. Era berean jasotzen ditugun eposta eta whatsappak irakurri ahal izango ditugu baina ezingo dugu erlojutik bertatik erantzun.

Gauzak horrela azalduta badirudi ez duela gehiegirako balio baina ez da hala. Nire kasuan adibidez, telefonoari alferrik eskaintzen nion denbora zati handi bat jadanik ez diot eskaintzen. Abisuak eskumuturrean ditudanez telefonoa poltso barruan daukat gordeta beti eta bolumena kenduta. Eskumuturrean bibrazio bat sentizen dudanean begiratu eta segundu batean badakit presazko zerbait den, txio bat baino ez den, jasotzen ari naizen deia garrantzitsua den… Eta beharrezkoa bada bakarrik ateratzen dut mobila gordeta dagoen tokitik.

Gainera, ez da guztiz estatikoa; esaterako, irakurtzen ditugun tuitei RT egiteko aukera badaukagu erlojutik bertatik edota deitzen digun pertsonari aurrez finkatutako mezu bat bidaltzekoa, "Bilera baten nago, deituko dizut gero" modukoa (kasu horretan SMSz joango litzateke, pixkat antigualeko teknologia).

Egia esan, erloju honen beharrik nuen galdetzen badit norbaitek, erantzuna ezezko borobila da. Erloju hau behar bat asetzeko baino aurtengo gabonetako frikada moduan eskatu nuen opari; baina aitortu behar dut hasieran uste nuena baino askoz erabilgarriago dela.

Amaitzeko, orain arte jende guztiak egin dizkidan bi galdera garrantzitsuenei erantzungo diet: Bai, ordua ere ematen du, eta ez, “Kit, te necesito” esaten badiozu ez da superautorik agertzen!

Erantzunak

2014-01-15 : 16:18

Gure ama orain dela hilabete gutxi hasi da smartphona erabiltzen; bere tf zaharra poltsan zuenean ez zuela entzuten-eta, aitzakia horrekin smartphona eskuratu zuen. Orain entzuten du, lehen baino gehiagotan, baina hala ere, gehiago gustatu zait eskumuturrean bibrazioa igartzeko aukera hori. Lastima bertatik ahotsarekin deiak ezin erantzutea, horrekin konpletoa litzake, baita amarentzako ere!

2014-01-16 : 11:08

Eta zenbat balio du? (Jakiterik badago)

2014-01-16 : 12:11

Gailu hauenganako interesa piztu didazu. Zer moduz smartphonaren bateria egun osoa bluetooth-ekin piztuta iragan eta gero?

2014-01-16 : 13:30

Banoa zalantzak banan banan erantzutera ...
Marijo: Egia esan erosoa da oso eskumuturrean bibrazioa igarri eta momentuan jakin garrantzizko zerbait den edo ez, eta bertatik erantzutea ahalbidetzen duten smartwatchak badaude ere ez daukat argi niretzako behintzat komenigarriak diren ... Guztia erlojutik egiteko gaitasuna izango banu berriro ere "engantxatuta" jarraituko nuke, orainarte moduan.

Aitor: nik http://www.pixmania.es/otros/sony-smartwatch-2-sw2/21779731-a.html -en erosi nuen bertan jartzen duena baino 10€ merketxoago baina toki askotan garestiago ere ikusi dut.

Eguzki: Nik Nexuk 4 bat daukat eta egia da gehiago gastatzen dela bateria baina egun osoa arazorik gabe egiten dit normalean %30eko kargarekin edo iristen da gauera. Gainera alperrikako erabilpena asko murriztu dudanez nik uste gauza batek bestea konpentsatu duela eta antzerako gastatzen dudala.

2014-01-17 : 16:14

Sarean ikus daitezkeen prezioetan, 151,99 euro Pixmanian, 189 euro Carrefourren... Artxiborako utz dezagun hemen. Estekak desagertuko dira, baina urte batzuk barruan agian harrigarria irudituko zaigu Sustatuko artxiboan ikusitako erloju hauen prezioa.

Erantzun

Sartu