Segapototik ere nabigatu euskaraz Android eta Firefox erabiliz
Eta segapotoan?
Baina mahaigaineko gailuaz gain, gero eta gehiago nabigatzen dugu segapototik, eta hor nik behintzat ez dut oso argi zer egin nabigazio hizkuntza euskara izan dadin. Android sisteman, badirudi telefono egile batzuek behintzat euskara sartu dutela telefonoaren aukerako hizkuntzen artean. (Samsung Galaxy SII eta SIIIan ikusi dut gaur bertan, eta dirudienez, Sonyk ere euskaldundua du Android sistemabere telefonoetan). Horietan, teorian nahikoa da euskara aukeratzea telefonoaren hizkuntza gisa, euskaraz nabigatzen hasteko.
Eta nire Androideak euskaraz ez badaki?
Orduan, mahaigainetan bezala, Firefox erabiltzea da aukerarik onena. Kode irekiko nabigatzailearen sakelako bertsioak ez du euskarazko bertsiorik... baina nahiz eta menuak erdaraz agertu, aldaketa txiki eta erraz bat eginda berehala hasiko da bere burua euskalduntzat identifikatzen. Jakin nahi duzu nola? Ondoren duzue, patxada apur batekin, asteburu honetan Twitter bidez Librezaleko @julen lagunak emandako azalpena, pausuz pausu:
1.- Instalatu Firefox zure Androidean
2.- Ireki Firefox
3.- Nabigazio barran, honako hau idatzi: about:config
Honelako pantaila bat ikusiko duzu: 
4.- Bilatu accept_languages izeneko ezarpena
Buscar preferencias dioen koadro horretan, idatzi accept_languages, nabigatzaileak lehenesten dituen hizkuntzen kodeen zerrenda ikusteko. Ondo idatzi baduzu, honelako zeozer ikusiko duzu:
5.- Gehitu euskara hizkuntzen zerrendara
Hurrengo pausua ere erraza da: intl-accept_languages horren azpian agertzen den Modificar botoiari eman eta euskararen kodea (eu) zerrendaren hasieran gehitzea da kontua. Beste hizkuntzak ezabatu, ordenaz aldatu edo kendu ere egin ditzakezu nahi izanez gero (azken hori ez dizuet gomendatzen), baina gogoratu kodeek komaz bereizita joan behar dutela. Gure hizkuntz zerrenda, beraz, honela utziko genuke:
Listo! Dena ondo egin baduzu, aurrerantzean smartphonetik nabigatzen duzunean ere euskalduna zarela adieraziko duzu, eta, edukiak hainbat hizkuntzatan dauden kasuetan, lehentasunez euskarazkoak agertuko zaizkizu pantailan. Baietz erraza?
Bada, eman eskerrak @julen i! :-)
Jatorriz Teknopataren Txokoan argitaratua, 2012ko irailaren 8an
Erantzunak kargatzen...
