Teknologia albisteak

"Sorozabaletik Mendiluzera" esker oneko ekitaldia Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia
2014-03-26 : 20:34
Jokin Sorozabal eta Aitor Mendiluze bertsolarien aldeko eskertza ekitaldia aurkeztu dute Andoainen. Solasaldia, eskertza ekitaldia eta bertso afaria antolatu dituzte datorren asterako. Maialen Lujanbio, Millan Telleria, Jon Sarasua, Mikel Mendizabal, Unai Agirre, Loidisaletxe..., bertsotan arituko dira apirilaren 5ean. Txartelak erosteko epea ostiral honetan amaitzen da.

Elkarrizketak: Jokin Sorozabal | Aitor Mendiluze

Eskertza ekitaldiak, jarraian:
Ekitaldiak Andoainen
Apirilak 3, osteguna.
20:00:
Solasaldia: “Bertsolaritza Andoainen belaunaldiz belaunaldi”.
Mahai-ingurua eta merienda Errekaburu elkartean. Doan.

Apirilak 5, larunbata.
19:00:
Esker oneko ekitaldia Basteroko erakusketa-gelan. Doan..

20:30:
       Bertso afaria Basteron. Txartelak salgai: Urkiola, Ernaitza, Ataria, AEK.
       20 euro. Azken eguna: martxoak 28.  




Andoaingo herriak bertsogintzari azken hamarkadetan eskaini dizkion punta-puntako bertsolariak dira bai Jokin Sorozabal eta baita Aitor Mendiluze ere. Euskal Herriko makina bat plazetan erakutsi dute beren abilezia bat batekotasunerako, eta horrexegatik adierazi nahi zaie esker ona. Halaxe adierazi zuten prentsaurrekoan antolatzaileek, hots, Andoaingo Udalak, Andoaingo bertso eskola, Andoaingo AEKk eta Aiurri aldizkariak. Basteron apirilaren 5ean, 19:00etan egingo den ekitaldi instituzionalaren bitartez adierazi ahal izango diote andoaindarrek eskertza hori. Irekia izango da ekitaldia.

Nolanahi ere, ekimenaren bultzatzaileek beste bi helburu bete nahi dituzte. Batetik, Andoainen bertsolaritzak historian zehar eman duena aztertu nahi da. Horretarako, antolatu da solasaldia Errekaburu elkartean, Joxemi Aranburu AEKko kidearen hitzetan, "Andoaindarren bertsolaritzarako zaletasuna aztertu nahi da, aurreko mendetik hona gertatu diren pasadizo eta gertaera azpimarragarriak gogora ekarriz". Sorozabal eta Mendiluze bertsolarien belaunaldi kideak gogoratzea izango da bigarren helburua. Bertso afarian, horietako zenbait bilduko dira. "Sorozabal eta Mendiluzerekin batera plazetan ibili diren bertsolariak Andoainera ekartzen saiatu gara. Eta batzuk badatozela baieztatu digute; tartean, Maialen Lujanbio, Milan Telleria, Jon Sarasua, Mikel Mendizabal, Unai Agirre, Loidisaletxe... Izen handiko beste zenbait bertsolarien erantzunaren zain gaude". Bertsolaritza Andoainen Ainara Rodriguez euskara zinegotziak esan zuenez, "ez da makala izan ahozkotasunaren munduak gure herrian izan duen bilakaera historian zehar. Orain hamarkada batzuk bazegoen galdera airean, ea posible ote zen taxuzko bertsolaririk ateratzea bertso eskola batetik. Andoainen, Xabier Huitzi eta Iñaki Otañoren eskutik eman zuen lehen urratsa eskolak herrian. Urteen poderioz, ikasketak, teknika eta metodologia garatzen joan dira gazteak, inprobisazioaren sekretuak bereganatzeko. Eskola horren emaitza emankorrenetakoak ditugu Sorozabal eta Mendiluze".

Ion Belokik Andoaingo bertso eskolaren izenean hitz egin zuen, eta bertsolaritzak Andoainen une gozoa bizi duela azpimarratu nahi izan zuen. "Orain bost bat urte sortu zen helduen bertso eskola, Larramendi Bazkunaren babesean, eta harrez gero, sendotzen joan da. Egun, hamabi bat lagunek osatzen dugu eskola. Gaztetxoei begira, berriz, esan behar da 9-12 urte bitarteko herriko ikastetxe guztietako ikasleak hurbiltzen direla bertso mundura ikasturtez ikasturte, Gu ere Bertsotan ekimenaren bitartez. Unai Muñoaren gidaritzapean, 300 haur inguru ari dira bertsolaritza ikasten aurten. Bestalde, gaztetxoen bertso eskola sortu dugu aurten, eta sei bat ikaslez osatu da oraingoz. Zalantzarik gabe esan daiteke bertsoaren inguruan dezente mugitzen den herria dela Andoain".

Erantzun

Sartu