Aurreko larunbatean hil zen Joxepa Aranburu Intxausti, Urnietako amona. Ez zioten horrela deitzen, baina izan ziteeken.
Joxepa Aranburu Intxausti 1910.2.16. Ezkio–2012.11.10. Urnieta
Izan ere, 102 urte eta bederatzi hilabeterekin, urnietar edadetuena izatea aspaldi lortu zuen. Zaldundegi etxekoari, Aiurri astekarian 2007an eskainitako elkarrizketan, hain bizitza luzea izateko sekreturik ba ote zuen galdetuta, gakoa norbere buruari kontu egitean dagoela aitortu zuen. Batez ere, egunean zehar egin beharreko otorduetan.
Urteak egin ahala, eskaera bakarra egin zuen: Ibiltzea. “Ibili ezina, hori daukat ba txarra”, horixe errepikatzen zuen. Oinez ibiltzeko gauza ez bazen ere, burua oso argi zuen. 2010ean, ehun urte bete zituenean, Zaldundegi itxi eta famili giroan ospatuko zuten hain egun seinalatua. Bertan izan ziren senideak, ilobak… familia guztia.
1910ean Ezkion jaio zen eta gaztetan Antzuolara bizitzera joan ziren. Bertan ezagutu zuen gerora bere senarra izango zena: Santos Aristegi. Bergarara ezkondu eta bertan bizi izan ziren. Joxepak zioenez, “santu izena zuen eta bera ere halakoa zen”. Seme-alabarik ez zuen izan, baina amaren papera behin baino gehiagotan egitea egokitu zitzazion. Senarra bizirik zela, tarteka bere ahizpa zen Zaldundegiko Iñaxirengana egun batzuk pasatzera etortzen hasita zegoen.
Horrela ibili zen joan etorrian, 1985.urtean senarra hil zen arte, geroztik Zaldundegin bizitzen geratzea erabaki zuen. Beraz, badira 27 urte, etenik gabe, Urnietan bizi zela. Urte luzez mezetatik atera ostean, karta jokoan gustura aritzen zen zaharren etxean.
Joxepa Aranburu urnietarrak 102 urte bete zituen egunean -2012ko otsailaren 16a-, Urnietako Udalak omenaldi txikia egin nahi izan zion. Urnietako alkate Mikel Pagolak bisita egin zion Iñaki Aranzadi erretoreak lagunduta, herriaren izenean zorionak emateko. Lore sorta oparitu zioten eta Joxepak esker-ona adierazi zien.
Astelehen arratsaldean elizan azken agurra eman zioten. Goian bego, Joxepa.
PD. Aiurri astekariak jaso du albistea. Gero, zenbatzen jartzen hasita:
Erantzun
Sartu