Teknologia albisteak

Isidoro Fagoaga, Gernikako bonbek isilarazi zuten tenorra

Erabiltzailearen aurpegia
2017-05-03 : 17:57

Gernikako bonbardaketaren berri izan, eta betirako utzi zuen kantua Isidoro Fagoaga beratarrak, munduko tenor ospetsuenetakoa zela. Idazten jardun zen hurrengo 40 urtean. Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenean omenaldia eginen diote larunbatean, bere sorterrian, Beran.

 

Ezohiko artista izan zen Isidoro Fagoaga. 1893an Berako Agramontea etxean sortua, 14 urte zituela Argentinara joan zen, han bizi zen osaba batek bidalitako txartelarekin. Buenos Airesen lanean zegoen bitartean kantua ikasten hasi zen. 19 urterekin, Argentina utzi, eta Italiara joan zen, Milanen eta Parman kantua ikastera. I. Mundu Gerraren ondorioz, kontserbatorioa itxi, eta Berara itzuli behar izan zuen. Nafarroako Diputazioaren beka bati esker, Madrilera joan zen ikasketak bukatzera. 1919an egin zuen debuta hiri hartan bertan, “Sansón y Dalila” lanarekin. Urte bat beranduago, Jesus Guridiren “Amaya” estreinatu zuen Bilbon, eta Espainian eta Portugalen “La Walkirya” eta “Parsifal” lanekin bira bana eman zuen.

Ospea eta ohorea, batez ere, 1925. urtetik aitzinera etorri zitzaizkion. Espainia eta Portugalgo antzokietan ez ezik, Argentina, Ameriketako Estatu Batuak, Alemania, eta batez ere, Italiako antzokietan aritu zen. Milango La Sacalako tenor handienetakoa izan zen bi mundu gerren arteko garaian. Richard Wagnerren operak italieraz kantatzen egin zen ospetsu, batez ere.

1937an, Gernikako bonbardaketaren ondotik, kantua betirako utzi zuen (gerora itzultzeko eskaintzak izan bazituen ere, horiei uko egin zien), eta Donibane Lohizunen erbesteratu zen. 1940an atxilotu zuten eta hilabetez, hagitz baldintza txarretan, Gurseko (Bearnoko) kontzentrazio-esparruan sartu zuten, Euskal Herriko bertze errefuxiatu aunitzekin batera.

Handik aterata, literaturan jardun zen, nagusiki. Euskal pentsamenduaren eta Euskal Herriaren baloreen erreferentea izan zen “Cuadernos  Gernika” aldizkari humanistaren berrantolaketan, sustapenean eta argitalpenean parte hartu zuen.

1951n Buenos Airesera erbesteratu zen, eta bertan argitaratu zuen bere lehenbiziko liburua, “Pedro Garat, el Orfeo de Francia”. Idazten aritu zen, nagusiki, hurrengo urteetan. Denetara sei liburu argitaratu zituen, eta hainbat artikulu idatzi zituen aldizkari eta egunkari ugaritan. Euskal Herrira itzuli zen 1964. urtean eta Donostian bizitzen paratu zen, inoiz ahaztu ez bazuen ere bere sorterria. 1976an Donostian hil zen.

Gernikako bonbardaketaren urteurrena aitzakia hartuta, Fagoaga omentzeko hainbat ekitaldi antolatu dira urte osoan zehar Beran. Joan zen apirilaren 21ean haren bizitza biltzen duen erakusketa ireki zen herriko kultur etxean, inoiz ikusi gabeko jantzi, objektu pertsonal, argazki eta korrespondentzia biltzen dituena. Hilaren 21a bitarte ikusi ahal izanen da (ortzegunetik larunbatera, 18:00etatik 20:00etara; igandeetan, 11:30etik 13:30era). Hitzaldiak, kontzertuak, haurrentzat ekitaldiak… antolatu dituzte “Isidoro Fagoaga, bada tenorea!” programa zabalaren baitan urtea bukatu bitartean. Larunbatean, omenaldia eginen diote bere sortetxeko atarian, eta oroit-plaka paratuko dute bertan. Herriko musikari eta dantzariek parte hartuko dute, 12:30etik aitzinera, omenaldian.

Erantzun

Sartu