Teknologia albisteak

Zatoz Irrien Lagunak Klubaren II. Egunera - Gernika-Lumo Irailak 23, Igandea

Erabiltzailearen aurpegia
2012-09-17 : 10:41

Irrien Lagunak Klubak II. eguna ospatuko dugu Gernika-Lumon, Irailaren 23an igandearekin, goizeko 10:00etan hasi eta egun osoan zehar, arratsaldeko 18:00ak arte. Hemen aurkezpen bideoa eta kartela.

 


Argazkiak.org | Kartela Irrien Lagunak Klubaren II. Eguna, Gernika-Lumo © cc-by-sa: Irrienlagunak

Honakoarekin, atsegin handiz gonbidatu nahi zaituztegu aurten Gernika-Lumon ospatuko dugun Irrien Lagunak Klubaren II. Egunera!

Festan, iaz Usurbilen bezala, haurrentzako tailerrak, ikuskizunak (Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Irrien Lagunekin kantu eta dantza, Eguzkiaren bidaia, Kultura Plazara, Emakide antzerki taldea…) puzgarriak, haur jolasak, entzierroa eta buruhandiak, apar festa eta ur jolasak, bazkari herrikoia, musika, bertsolariak eta abar izango dugu lagun artean egun osoan gozatzeko.

Bi gune izango dira: nagusia Pasealekuan eta Azokan bestea, bietan egongo da egitaraua, datorren astean zabalduko duguna. Azoka gunean, 1.000 lagunentzako bazkari herrikoia antolatu dute ikastolako lagunek. Bazkariaren inguruko informazioa eta erreserbak hemen.

Bildu daitekeen etekinaren zati bat, Txatxilipurdi aisialdi elkartearen “Berramesten” ekimena sustatzeko bideratuko da, iaz Etiopia Utopia proiektuarekin egin genuen bezala.

Aurten, iaz ez bezala, ezinezkoa izan zaigu jaialdi hau erabat doan izan dadin, eta ikuskizun, puzgarri eta jolas nagusiak sarrerarekin izango dira publiko orokorrarentzat eta DOAN Irrien Lagunak Klubeko txarteldunentzat (Irria aldizkariaren harpidedun zaretenak*). Sarrera ahalik eta merkeen jartzen saiatu gara, familia osoarentzat 10€ eta norbanakoak 4€tan. *Oraindik ere harpidetzeko garaiz zaudete, Klubaren Eguna Doan izateaz gain opari bat ere jasoko duzue etxean!

Sarrera pultsera bidez kudeatuko da, eta gune nagusian, pasealekuan, egongo diren salmenta puntuetan  jaso edo erosi beharko dira. Klubeko txarteldunek ere pultsera jaso beharko dute horretarako klubeko txartela aurkeztuta.

Bestalde, Euskotrenek jakinarazi digunez, goizez (2 ordu) eta arratsaldez (2 ordu) zerbitzu bereziak jarriko ditu ordu erdiro Klubaren Eguna dela eta.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu Klubaren II. Eguna babestu duen Gernika-Lumoko udalari eta Kultur Etxeari, bolondreski lanean ariko diren herriko eragile, elkarte eta gainerakoei eta, noski, baita zuei ere, aldez aurretik, etortzeagatik.

 

Igandean bertan elkar ikusiko dugulakoan, jaso muxu handi bana!

 

Irrien Lagunak Kluba

Erantzun

Sartu