Teknologia albisteak

Arkeologia Tolosaldean: crowdfunding eta bisita gidatuak.

Erabiltzailearen aurpegia
2016-06-10 : 11:08

Bidania-Goiazko Sanpedroburuko aztarnategia industeko zuen laguntza behar dugu. Horretarako, crowfunding kanpaina bat jarri dugu martxan. Ekarpen txiki bat eginez gero, aztarnategia eta indusketa prozesua ezagutzeko aukera izango duzue. Leku zoragarria da eta merezi du! Eman zuen bultzada!

Aurreko 5 urtetan bezala, uda partean Bidania-Goiazko Sanpedroburuko aztarnategia industeko asmotan gara. 

Gipuzkoako bihotzean, Elola auzoan, Iromendiko San Pedro elizaren aztarnen bila hasi ginen eta Goi Erdi Aroko herrixka baten aztarnak topatu ditugu. K.o.VIII. mendetik aurrerako aztarnak aurkitu ditugu eta hau berria da Gipuzkoan. Aurten hilerria industuko ditugu. Aztarnategia leku zoragarrian dago, 700m-ko altueran, Aralar eta Hernioko paisaia ederrak ikusten direlarik. Merezi du ikustera etortzeak.

Egun hauetan ohikoa den legez, Aldundiak emango digun diru-laguntza ez da nahikoa izango gure aurrekontua osatzeko. Uste dugu ezin garela beti musutruk lanean ibili, profesionalak garelako eta arkeologook ere gure ogibidetik bizi nahi dugulako. Horregatik azken aldian hain sonatua den crowdfunding sistemarekin diru-bilketa kanpaina bat jarri dugu martxan. Norbanakoen edo taldeen ekarpenen bidez proiektu bat aurrera eramatean datza sistema honek. Horren truk, ekarpena egiten dutenek sari bat jasotzen dute. Horrela, mikro-mezenas askoren laguntzaz proiektua aurrera ateratzen dugu.

Ekarpen bakoitzak (10€, 20€, 50€ eta 100€) bere sari edo konpentsazioak ditu. Beste urte batzuetan bezala, bisita gidatuak egingo ditugu aurten ere eta horretarako ekarpena egitekoa beharrezkoa da. Norbanakoen kasuan aurretik hitzartutako datan egingo genuke denak batera. Elkarteek parte hartuz gero haientzako bisita gidatu berezia egingo genuke.

Hemen doa kanpainaren esteka: http://www.verkami.com/locale/eu/projects/15067.

Erantzun

Sartu