Teknologia albisteak

Sakanako Beleixe irratia isildurik

Erabiltzailearen aurpegia
2012-09-20 : 12:25

Udako oporrak bukatu berri direla, ikasturte berria hasi gabe jarraitzen du Beleixe irratiak; zuzeneko emisiorik ez du hasi, eta, oraingoz, ez du hasiko: isildu egin behar izan dugu. Ez dugu itxi, eta ez dugu itxi nahi, baina egoera ekonomiko larriak behin-behineko erabaki gogor hau hartzera bultzatu gaitu. Hori dela eta, hurrengo aste eta hilabeteetan musika eta iragarkiren bat besterik ezin izanen da entzun FM 107.3an (Sakanan, Nafarroan).

Beleixe irratia - Argia.com

Isiltzeko arrazoia ez da langile falta, ez da lan falta, ez da albiste falta; langileak eta lana nola ordaindu baizik. Sakana guztian gertatzen ari den bezala, krisiak gogor jo du Bierrik Fundazioa: Nafarroako Gobernuak diru-laguntzarik gabe utzi gaitu, Eusko Jaurlaritzak laguntza txikitu du, publizitate sarrerak txikitu dira, egunkarien eredua bera kolokan dago...

Neurri gogorrak hartu behar izan ditugu egoera bideratzeko: langileen artean murrizketa latzak (kaleratzeak, lanaldiak moztu...) eta komunikabideak txikitu, adibidez. Baina ez dira nahikoa izan eta beste neurri batzuk hartu behar izan ditugu: Beleixe isiltzea da horietako bat.

Egoera honen aurrean jasotzen ari garen elkartasuna eta laguntza oso handiak dira: 2000 esker kanpainan 1.000 bazkide berri lortu ditugu apiriletik hona (gaur egun, 1.400 gara), herrietan hamaika ekintza antolatu da, euskarazko komunikabideen garrantzia eta beharra agerian gelditu da, eta Sakanako alderdi, erakunde eta elkarte gehienek bat egin dute gurekin.

Hasieran esan bezala, Beleixe irratia isilik egonen da hemendik aurrera. Bierrik Fundazioaren asmoa da irratiari ahal bezain laster ahotsa ematea. Tarte horretan, fundazioaren erronkak dira urtea bukatzerako 2.000 bazkide lortzea, eta fundazioa eta komunikabideak berregituratzea.

Beleixe irratiak hasi berri duen etenaren aurrean, eskerrak eman nahi dizkiegu, batetik, Etxarriko Udalari eta Sakanako Mankomunitateari, lokala uzteagatik eta emandako laguntza handiarengatik; eta bestetik, irratiaren ahots izan diren langile, kolaboratzaile eta entzule guztiei; eta, batez ere, Eneidari eta Oihanari, biak izan dira-eta azken urteetan Beleixeren ahots eta bihotz. Eskerrik asko!

Oharra: egoeraren berri zuzenean emateko, batzar irekia antolatu dugu urriaren 4an, 18:30ean, Altsasuko Iortia kultur etxean.

Iñaki Mundiñano Larraza
Bierrik Fundazioaren izenean

Erantzun

Sartu