Urtebeteko kronika Euskarazko Wikipedian: Gazako genozidioaz eta Ekialde Hurbilean Israelek egindako erasoez euskal wikilariek ondutako artikuluak paperean argitaratu nahi ditugu zure laguntzarekin. Ekarpena egiteko modua, Itsulapikoa.eus plataforman.
Ekialde Hurbileko gatazka ez zen 2023ko urriaren 7an hasi, hamarkadak zeraman palestinarren kontrako gerrak. Egun horretan, berriz, eskalada militar gordin bat hasi zen, ordu arteko neurriaren kontzeptu osoa hankaz gora jarri zuena. Gazako komando palestinarrak Israelgo eskualde mugakideetarako sartu ziren, eta hilketa handia jazo zen bertan. Kopuruetan eta intentsitatean, areago asaldatu gintuen geroztik Israelek hasi zuen Palestinaren kontrako kanpaina militar latza, nazioarteko eta Euskal Herriko eragile sozial eta politiko ugarik genozidiotzat jo dutena. Dudarik gabe, munduan aro baten bukaera eta beste baten hasiera markatu duen gertaeren segida izan da.
Eskalada harrigarri honen ondorioz, berehala jarri ziren wikilariak lanera, sortzen ziren albiste etengabe horiek eguneratu eta Wikipediaren erabiltzaile euskaldunen eskueran jartzeko. Ondorioz, artikulu ugari sortu dira, autore ugariren multimedia materialaz eta testuz hornituak, Euskarazko Wikipediako printzipioei lotuz eta tonu entziklopedikoan.
Ez dakigu noiz arte luzatuko den Israelek palestinarren kontra daraman genozidioa. Ikaragarria da, baina Israelen kanpaina urtez luza daiteke. Ez bedi gertatu. Bada, Wikiliburu proiektu honek 2023ko urriaren 7tik 2024ko urriaren 7 arteko epea bilduko luke. Palestinaren eta Ekialde Hurbilaren erradiografia bat da, albisteen eta zenbait pertsonaiaren bidez azaldua. Une honetan, EU Wikipediako kategoria batean biltzen dira artikulu horiek, hauxe (esteka), 25 artikulu (2025eko gertaerak ez dira sartzen), baina formatu bateratzaile bat falta dute. Gainera, Wikiliburuan Palestinari buruzko artikulu orokorra sartuko litzateke, sarrera gisa.
Paperean argitaratuko den wikiliburuak CC-BY-SA lizentzia izango du, esan nahi baita edonor duela baimena bertako materiala zuzenean erabili eta erreproduzitzeko, baimenik eskatu gabe, autoreak eta iturria aipatuz, betiere, eta sortutako lan berria lizentzia berdinaz zabalduz. Wikiliburuaren lehen orrian lankidetzan parte hartzekoak diren eragileen izenak argitaratuko dira. Edizioak 100 ale inguru izango ditu lehen argitaraldian.
Helburuak:
Bildutako dirua maketazioa, zuzenketa/edizioa eta lehen aleak argitaratzeko erabiliko da.
Erantzun
Sartu