Teknologia albisteak

Ikasnabar2013: eLearning plataformen nazioarteko biltzarra, Zallan

2013-06-25 : 10:16

Zallako herriak Hezkuntza Irekiaren eta Teknologiaren Nazioarteko Ikasnabar Biltzarraren 6. aldia hartuko du uztailaren 9, 10 eta 11n, EHUko ikertzaileek antolatuta. Izen-ematea zabalik dago.

Hiru egunez Jende Askorentzako Ikastaro Irekiak Online (MOOC, Massive Open Online Courses), Ikasketa Pertsonalerako Inguruak (PLE, Personal Learning Environments) eta Ikasteko Edukien Kudeaketa Sistemak (LCM, Learning Content Management Systems) izango dituzte hizpide hezkuntza irekian eta teknologian ari diren aditu onenek. Izenematea

Teknologia berriek urrutiko hezkuntzaren garapen izugarria ekarri dute; era berean, ezagutza sozialean sakontzea ekarri dute, baita urrutiko hezkuntza irekian ere. eLearning plataformek nazioartean garapena lortu dute. Hori dela eta, Ikasnabar2013ko antolatzaileek Internet teknologia bidezko irakaskuntza-ikasketa inguruneetan sakondu nahi izan dute.

Gorka J. Palazio, Inmaculada Maiz eta Carlos Castañok osatu dute egitaraua eta nazioarteko aditu talde sendoa batu dute. Horrez gain, Chamilo plataforma irekiaren arduranak ere izango dira Zallako biltzarrean, Macmillan eta Moodle plataformekin batera. Hizlari gonbidatuen artean, aipatzekoak dira Tim Red, UNED Irekiko zuzendaria; Rick Sheperd, Macmillan Ibericar zerbitzu teknologikoen zuzendaria; Rosabel Roig, Alakanteko Unibertsitateko irakaslea; Julio Cabero, Sevillako unibertsitateakoa; German Ruiperez, eLearning Toledo katedra; Ana Landera, Madrilgo Urrutiko Unibertsitatekoa; Svet Ivantchev, eLearning garatzaile aditua, besteak beste.

Chamilo ikastaroa

Bestalde, Yannik Warnier, PHP garatzaile belgiarrak, Chamilo MOOC plataformaren inplementazioaz ikastaroa emango du biltzarraren bezperan. EHUko Gizarte Zientzia eta Komunikazioren Leioako canpusean izango da uztailaren 8an. Prezioa: 50 euro. Izenematea: http://goo.gl/hmRmf




Erantzun

Sartu