Teknologia albisteak
1

Gizon Ekimena-ren mezua gizonezkoi andrazkoenganako indarkeriaren aurka engaia daitezen

Erabiltzailearen aurpegia
2013-10-25 : 16:03

Urriaren 24an Santurtzin andrrazkoenganako indarkeriaren aurka egin zen Gizon Biribilean irakurri zen ondoko mezua.


Adiskide maiteak,


Gaur bildu gara emakumeei gizon askok eragiten diegun indarkeria bihotz eta buru arbuiatzeko asmoz.


Indarkeria honek izugarrizko sufrimendua eragiten die milaka eta milaka emakumeri. Andre hauek gure senideak, gure lankideak, gure lagunak, gure auzoak dira. Gurekin bizi diren emakumeak. Egunero-egunero gertatzen da gizarte osoan.


Ez gara ari soilik hilketez, bortxaketez edo indarkeria kasu nabarmenei buruz. Eraso ikusgaitz andana pairatu behar dituzte andreek egunero, hamaika diskriminazio eta bazterketa. Horiek ere indarkeria dira eta bortizkeria handiagoetarako bidea zabaltzen dute.


Indarkeria matxistaren sorburua jendarte antolaketa sexista, matxista eta patriarkala da, eta honek hobesten duen maskulinitate eredu zapaltzailea, indarkeria fisikoaren bidez hurkoak menperatzea, lehiakeria, agresibitatea, sentsibiliateari gutxiestea eta halakoak identitate maskulinoaren ardatz duena.


Indarkeria mota honek gure kontraesanen eta erantzukizunen aurrean jartzen gaitu gizonok. Gizonak dira erasotzaileak, gutxiengo badira ere. Gizon “normalak” dira, hainbatetan ospe onekoak  ere, arlo batzuetan. Ez dira munstro itxurakoak, ez dira deabruzkoak. Gu bezalako gizonak dira. Gizarte sexista, matxista eta patriarkalean hezi eta haien baloreak errotik barneratu dituzten gizonak dira.


Ez gaitezen engaina: geu ere halako balore toxikoetan hezi gaituzte eta barnean dauzkagu, gutxi-asko. Geuk ere jokatzen ditugu hainbatetan, oharkabean-edo, eta horrela erreproduzitu ere egiten ditugu.


Erantzunkizuna dugu beraz. Ez gabiltza erruaz, edo kulpabilizazioaz. Gutako inork ez zuen aukeratu gizarte sexista batean jaio eta haztea. Baina erantzukizuna badugu.


Zer egin dezakegu indarkeria matxista akabatzen laguntzeko?


Gaur hemen elkartu gara, eta ondo dago, baina halako ekintzak ez dira nahikoa, badakigu. Matxismoaren erreprodukzioa eten behar dugu errotik. Aste honetan bertan berriro agertu zaigu hedabideetan adin gabekoen artean indarkeria matxistak zelako indarra duen. Ez da harritzekoa, helduon munduaren isla baitira gazteak.


Hortxe da, ba, gakoa, benetako berdintasuna ezartzea jendartean eta matxismoaren transmisioa etetea: nork bere baitako kutsu matxistak identifikatu eta ezabatzeari ekinez; nork bere inguruan benetako berdintasuna eraikitzen eta matxismoa deseraikitzen saiatuz; matxismoaren biktima orori apoiatuz.


Ez da langintza erraza izango, ezta laburra ere. Gizonok elkarrekin antolatuta eta andrazkoekin errespetuzko lankidetzan egin beharrekoa da. Andrazko guztiak hobeto biziko dira, gizonok ere bai, eta ondorioz, gizarte hobean biziko gara denok.

Merezi du! Animo!

Erantzunak

2013-10-29 : 07:09

"Indarkeria mota honek gure kontraesanen eta erantzukizunen aurrean jartzen gaitu gizonok. (...) Gu bezalako gizonak dira. (...) Ez gaitezen engaina: geu ere halako balore toxikoetan hezi gaituzte eta barnean dauzkagu, gutxi-asko."

Bikain!

Erantzun

Sartu