Teknologia albisteak

Euskarari buruzko herri gogoeta Markina-Xemeinen

Erabiltzailearen aurpegia
2013-01-22 : 11:09
Markina-Xemeingo Udalak geldialdia egin eta herrian euskararen egoera zein den aztertu eta euskara planaren nondik norakoak herritarrekin batera adostu nahi ditu.
Markina-Xemeingo Udalak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzen jardun du azken urteetan; aurten, datozen bost urteetarako plangintza berria diseinatzea erabaki du, eta lan hori herritarrekin batera egin nahi du. Plan marko eta estandarretatik urrundu, eta herriko errealitatetik hurbilago egongo den plan estrategikoa egin nahi du; eta, horretarako, herritarren eta herriko eragileen parte-hartzea baliatuko du.

Plangintza berria diseinatzeko momentua egokia da geldialdia egin eta eguneroko dinamikatik harago begiratzeko: orain arte egindako ibilbidearen kontzientzia hartu, emandako aurrerapausoak aztertu, hutsuneak eta hobetzekoak identifikatu, eta, azken batean, egungo egoeraren diagnostikoa egin, geldialdi horrek etorkizunera begira jarraitu beharreko norabidea marrazteko oinarriak edo irakasbideak eskainiko dizkigulakoan.

Horretaz gain, hausnarketa honekin beste bide batzuk ere landu nahi ditu Udalak: herrian euskararen aldeko sentsibilizazio-lana egin; euskararen aldeko jarrerak, jokabideak eta konpromisoak aktibatu; edota euskararen garapenaren aldeko konpromisoa hartu nahi duten herriko elkarte eta taldeen arteko koordinazioa eta lankidetza handitu, azken batean, hizkuntza-komunitatea egituratu eta sendotu. Horiek denak ezinbesteko bideak dira krisi ekonomiko egoera honek euskararen normalizazioari egin diezazkiokeen kalteak murrizteko, elkarlana sustatu eta norbanakoen konpromiso eta erantzukizunak handituz; eta, bide batez, dauden baliabideei, ekonomikoei barne, ahalik eta etekin handiena ateratzea eta planaren eta neurrien eraginkortasuna handitzea da helburua.
Lan honetan, bi lan-saio ireki egingo dira (urtarrilak 24 eta otsailak 7), bina ordukoak.

Lan hori bideratzen laguntzeko Markina-Xemeingo Udalak Elhuyar Aholkularitza enpresaren zerbitzuak kontratatu ditu. Bileretan hiru lan-mahai handi eta zortzi lan-talde txiki antolatuko dira, euskararen egoera arloka hobeto aztertzeko. Batetik, euskararen transmisioa landuko da: euskararen transmisioa familian eta eskolan , gazteak eta euskara, eta helduen euskalduntzea aztertuko direlarik. Bigarren taldean euskararen erabilera Markina-Xemeingo bizitza sozialean aztertuko da, hain zuzen honako gune hauetan: kulturgintza, kirola, merkataritza-ostalaritza, komunikabideak eta irakurzaletasuna. Eta, azkenik, lan-talde motorra deitutakoa sortuko da, bertan bilduko dira euskararen normalizazioaren zehar-lerroak eta euskararen sareak: euskalgintza, euskalzaletasuna, hizkuntza politika eta Udala.

Horrela bada, prozesuan parte hartzeko interesa izanez gero, nahikoa da 94 616 74 54 (udaletxea) telefonora deitzea edo iratxe@elhuyar.com edota euskara@markina-xemein.com posta-helbidera idaztea. Nolanahi ere, lan-saioak irekiak dira, eta ez da derrigorra aldez aurretik izena ematea, komenigarria bai, ordea, leku eta saioen kudeaketa hobetzeko.

Erantzun

Sartu