Teknologia albisteak

'Aulki hutsak' dokumentala, bizidunok heriotzarekin hobeto bizikidetzeko

2014-04-01 : 19:44
Heriotza tabua da, hitzari berari bizkarra ematen diogu sarri, baina hurbil daukagu, gutxien espero dugunean zelatan. Heriotza bizitzaren beste aldea da eta onartu beharra dagoela ondo dakite maite dituztenen heriotza bizi izan duten askok. Hari horri tiraka, heriotzaz eta doluaz dokumentala egin dute Iñaki Peña medikuak eta Arteman Komunikazioa kooperatibak: 'Aulki Hutsak'.
Iñaki Peña medikuak asko daki gaiaz, lanbideagatik batetik, familian izandako heriotzengatik bestetik. Luzaroan aritu zen aparailuen laguntzaz arnasa hartzen duten gaixoak artatzen, eta zainketa aringarrietan ari da aspaldi honetan, maiz heriotza lekuko duela. 2007an aita hil izanak sorrarazitako zauria ezin izan du orain arte arindu, Arteman Komunikazioarekin lankidetzan Aulki Hutsak erditu arte.

Dokumental deskriptibo, hezitzaile eta eraikitzailea da egindakoa, Peñak bere ibilbidean ezagututako hainbat profesionalen eta heriotza hurbiletik ezagutu duten lagunen testigantzekin osatua. Lau ataletan banatuta dago ikus-entzunezkoa: Mina, Haserrea, Egun Perfektuak eta Itxaropena.

Ikus-entzunezkoa zabaltzeko eta heriotza zein doluari buruz hizketaldia sortzeko asmoz, osasunarekin lotutako jardunaldietan eta herriz herri hainbat kultura etxetan emititzen ari da 'Aulki Hutsak', oso harrera onarekin. Izan ere, jakina da heriotzaz eta doluaz ez dela nahikoa hitz egiten, eta jendeak horren premia handia duela.

Ikus-entzunezkoaren eta  emanaldien gaineko informazioa hemen.

Erantzun

Sartu