Teknologia albisteak
1

Guretxikixak.org - Jaiotza inguruko heriotzaren gaineko bloga euskaraz

2013-03-25 : 10:05

www.guretxikixak.org bloga sortu berri dugu jaiotza inguruan gure umetxoak hil zitzaizkigun lau familiaren artean. Amazurtz eta aitazurtzen topagune, elkargune izan nahi du; gure umeak hil zirenean galduta sentitu ginen eta denbora honetan ikasi dugun guztia, jaso dugun informazioa, partekatu nahi dugu egoera horretan dauden gurasoekin. 

Blogaren helburua da gurearen antzerako egoera bat bizi izan duten, bizitzen ari diren edota biziko duten pertsona, bikote, familia eta haien ingurukoei informazio baliagarria eskura jartzea.

Horretaz gainera, gaia gizarteratu nahi dugu; izan ere, heriotzak berak gai tabua izaten jarraitzen du, are eta gehiago umeen heriotzak. Gainera, guk ez beste inork ezagutu ez dituen umeak dira eta sentsibilitate falta handia ematen da horrelako kasuen aurrean, askok ez dute gurasoen sufrimendua ulertzen, sozialki baimenik gabeko dolua izanda, ezereztu egiten baita.

Badakigu gai horren inguruko hainbat webgune dagoela; gure blogak dakarrena da handik eta hemendik batutako informazioa bildu eta ahal izan duguna euskaraz ematen dugula, baita guk sortutakoa ere eta bertako jendearengana bertatik bertara iritsi nahi dugula, gertutasunak ematen duen konfiantza eta berotasunarekin.

Argi utzi nahi dugu, gainera, (blogean bertan diogun bezala) gu ez garela medikuak, psikologoak, psikiatrak... ez gara adituak; gurasoak gara eta bizi izan dugunak eman digun esperientziak bihurtu gaitu nolabaiteko "aditu", zoritxarrez. Baina bloga umiltasunetik egin nahi izan dugu, sufritzen ari diren gurasoei laguntzeko nahiak bultzatuta, besterik gabe.

Erantzunak

2013-03-26 : 18:35

Ekarri asko!

Erantzun

Sartu