Teknologia albisteak

Gipuzkoa barnealdeko turismoa sustatzeko spot onenak sarituko ditu EUSPOTek

Erabiltzailearen aurpegia
2016-02-24 : 15:26

Aurkeztu da Euspot 2016ko edizioa. Lehiaketaren helburua da publizitate arloan euskararen erabilera hedatzea da eta euskaraz lan egiteko gai izango diren profesionalen harrobi lana egitea. Aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiak babesa eskainiko diot Euspot lehiaketari. Lanak apirilaren 28a baino lehen aurkeztu beharko dira www.euspot.eus webgunean eta 2.250 euro banatuko ditu saritan. Iaz 35 lan aurkeztu ziren guztira. Orain arteko edizioetako spotak Youtubeko kontuan ikus daitezke.

Aurkeztu da Euspot 2016ko edizioa. Aurkezpenean, besteak beste, Goio Arana (Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ordezkaria), Unai Elkoro (Aretxabaletako alkatea), Ane Lore Estala (Aretxabaletako Udaleko Euskara teknikaria) eta Gorka Etxabe (Arteman Komunikazioko ordezkaria) izan dira. Mondragon Unibertsitateak Aretxabaletan duen egoitzan egin da aurkezpen ekitaldia, ikaslez inguratuta. Izan ere, lehiaketa Euskal Herri osora irekia bada ere, Mondragon Unibertsitateko ikasleek ikasgai gisa egin eta garatu beharko dute euren spota. Aurten, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere gogor babestuko du Euspot lehiaketa, eta bere babesarekin bosgarren edizioak Euskal Herriratzeko jauzia berme handiagoz egin nahi du.

2015eko lehiaketa arrakastatsua izan zen. Guztira 35 lan aurkeztu ziren, Euskal Herri osoko autoreek eginak, eta aurkeztutako lanen artean, 16-18 urte bitarteko nerabe eta gazteek eginiko 13 lan jaso zituen epai-mahaiak. Aurtengo edizioaren helburua da, spot lehiaketa kontsolidatzea eta euskararen panoraman erreferentziazkoa bilakatzea, eta bide hori indartzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du Aretxabaletako Udalarekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Arteman Komunikazioa enpresarekin.

Aurtengo berrikuntzak 

2016ko edizioak bi arlotan eskainiko ditu berrikuntzak. Batetik, hedapenean, izan ere antolatzaileek aurkezpen ekitaldi ezberdinak planifikatu dituzte, bai Debagoieneko eskola, ikastola eta fakultateetan, zein Gipuzkoa osoko zenbait eskola eta ikastoletan, eta ikus-entzunezko arloko zentru espezializatuetan. Hain justu ere, CENTArekin zein Andoaingo ikus-entzunezkoen eskolarekin harremanetan dihardute.

Aurtengo gaia: turismoa erakarri Gipuzkoa barnealdera

Iragarkiaren publiko objetiboa Euskal Herriko gainerako lurraldeetako biztanleak izango dira, alegia, Euskal Herriko barne kontsumora bideratutako iragarkia izan beharko da. Spotak fokoa jarri beharko du Gipuzkoa barneko turismoak eskaini ditzakeen esperientziatan. Ardatz izan daitezke pertsonak, ohiturak (jaiak, folklorea…), paisaia-multzoak (bailara bat herri bat, txoko bat…)…

Lanak aurkezteko epea

Lanak apirilaren 28a baino lehen aurkeztu beharko dira www.euspot.eus webgunean eta  sari banaketa ekitaldia maiatzaren 12an egingo da Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan. Iaz Kike Amonarrizek hitzaldia eskaini zuen sari banaketa ekitaldian eta aurten ere ez dira sorpresak faltako.

2.250,00 euro saritan

Guztira Euspot Lehiaketak aurten ere 2.250,00 euro banatuko ditu sarietan.

1.- Spotik onena. / 1.000 euro
2.- Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena. / 500 euro
3.- Publikoaren saria. / 500 euro
4.- Gazteen saria (14-18 urte) / 250 euro

Erantzun

Sartu