Hesiak Gainditzen dokumentala, euskarara hurbiltzeko ahalegina egin zutenak omentzeko
2013-03-18 11:41
Arrasteko Txatxilipurdi Elkarteak Hesiak Gainditzen dokumentala aurkeztu du, euskarara hurbiltzeko ahalegina egin zutenak omentzeko. Dokumentalaren ideia duela urte eta erdi inguru sortu zen Arrasateko Txatxilipurdi Elkartean. Asmoa, hizkuntzaren transmisioaren garrantzia azpimarratzeaz gain euskarara hurbiltzeko eta euskara hurbiltzeko ahalegina egin zutenei eta egiten ari direnei esker ona adieraztea zen. Gidoia Arteman Komunikazioa enpresarekin eta Jon Maiarekin batera garatu du Txatxilipurdi elkarteak.
Hesiak Gainditzen from Arteman Komunikazioa on Vimeo.
Espainiatik etorritakoen testigantzak
Garai batean Estatu espainiarretik etorri eta euskaraz ikasi ez arren bere ondorengoei euskaraz ikasteko bidea erraztu zutenen, atzerritik etorri eta euskaraz ikasi dutenen edota Euskal Herrian jaio arren euskara galdu eta berreskuratu dutenen testigantzak jasotzen dira dokumentalean. Horrela, Arrasateko Txatxilipurdi elkarteak horien guztien jarrera txalotu eta onartu nahi izan du.
Dokumentala www.guraso.com webgunean ikusi ahal izango da, eta baita beste zenbait hedabideren webguneetan ere. Gainera, Tokiko toki telebisten sarean ere emitituko dute eta Debagoienetik kanpo, zenbait zine aretotan ere eskainiko da.
Ideia originala Txatxilipurdi Elkartearena da eta gidoia Gorka Etxabek (Arteman komunikazioa) eta Jon Maiak egin zuten. Lokuzioa, berriz, Maiarena da eta proiektuaren sustatzaile eta laguntzaile nagusia Arrasateko Udala.
Erantzunak kargatzen...