Maiatzaren 17a "birziklapenaren nazioarteko eguna" izan zen. Horrelako egunetan ohikoa da, hango eta hemengo agintariek prentsari deitu, eta, herritarren begietara arduratsu agertu nahian, birziklapenaren alde konprometituta daudela irudikatzeko bere antzerkitxoa egitea. Baina, horrela al da beti?
Zorionez ez. Badira bere buruaren sustapenetik harago, bere erantzukizunak eskatzen duen bezala, errealitatea aldatzeko hautua egin eta neurri eraginkor eta errealak hartzen dituzten agintariak. Haiei, eta, haiekin batera, egunero egunero praktika berri hoiek gauzatzen dituzten milaka herritar arduratsuei esker, Gipuzkoak egundoko norabide aldaketa egin du azken urteotan. Errausketan eta errausketaren zabortegi toxikoetan oinarritzen zen hondakinen kudeaketa bat ardatz izatetik, murrizketa eta birziklapenean oinarritutako eredurako transizioan da herrialdea.
Zenbaitek, errealitate hori estali nahian, egunerokoan sustatzen duen hika-mika mediatikoa, ez da gai, etorkizun hobeago eta itxaropentsu baterantz joateko Gipuzkoarrek egindako hautua zapuzteko. Datuek argi eta garbi adierazten dute, Gipuzkoan gertatzen ari denak, agintari arduragabeen antzerki hutsarekin zer ikusi gutxi daukala, errealitatea aldatzeko benetako konpromiso eta programa bat abian dela.
Azken sei urteetan, birziklapen tasa ia bikoiztu egin da Gipuzkoan. Igoera, bereziki, 2009 urtean, Euskal Herri osoan lehen aldiz, Usurbilen, atez ateko bilketa jarri zenetik aurrera gertatu da, gaikako bilketa eraginkorra bermatzen duten sistemak orduan ekin baitzioten zabaltzeari.
Horregatik guztiagatik, gaur, birziklapenaren mundu egunean, birziklapenak Gipuzkoan, urtean 365 egun dituela esan dezakegu. Zalantzarik ez dugu, bide emankor honek Euskal Herriko gainerako herrialdeetan eta munduan bere segida edukiko duela.
Erantzun
Sartu