Lau urte pasa dira Sanmarko zabortegira zabor gehiago eramateari utzi zitzaionetik. Joan den astean, zaborra sortzeaz asko dakien Denis Itxaso buru, Sanmarkoren itxiera iragarri ziguten jai bat antolatuz. “Itxiera” honek, zaborra mugitzea, estalkiak jartzea eta antzeko moldaketak egitea dakar.
“Itxiera” prozesu honek, 7 urte inguru iraungo ditu. Gutxienez beste 30 urtean segi beharko dute zaintza lanek, kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen. Zabortegiak beraz, beste 37 urtez segiko digu poltsikoan eragiten, “zerbitzua emateari”, ingurumena kutsatzeari horrela deitzerik baldin badago, aspaldi utzi bazion ere. Gero, eremua lurrez estali eta parke bat egingo dute bertan, zaborra “alfonbrapean” ezkutatuko dute, hemen ezer gertatu ez dela sinets dezagun, gure akatsak ahantz ditzagun. Tamalez, ez dago atzera egiterik, eta egindako kaltea hor geratuko da betirako. Baina, arazoa konpondu gabe, arazoa bukatutzat ematea, arduragabekeria da.
Sanmarko zabortegia itxi bai, baina mankomunitate barruan zaborrak barra-barra sortzen darraite hainbat herrik. Eta zaborra sortzen den heinean arazoak hor iraungo du. 2012 urtean 145.000 tona hondakin sortu ziren Sanmarko mankomunitatean. Horietatik gehienak, 92.000 tona, zabor bihurtu ziren nahasita jasotzearen ondorioz. Sanmarkon badago zer eginik. Sanmarko mankomunitateko zenbait herrik, arduraz jokatu dute, beraientzat nahi ez dutena besteentzat ere nahi ez dutela erakutsiz, eta gaikako bilketan emaitza bikainak lortu dituzte ezarri dituzten bilketa sistema pertsonalizatuen bidez. Halabaina, herri handienek, Errenteriak, Donostiak, Urnietak eta Lasartek, ez dute ahalegin berezirik egin, biztanleen %80 eta zaborraren %90 haiena izanda ere.
Sanmarkon sortzen den zaborrak beste mankomunitate batzuetako zabortegietan bukatzen du. Zabor turismoaz hitzegitea modan jarri den garaiotan, benetako zabor turismoa, antolatua eta erraldoia, daukagu aurrean. Sanmarkoko zabortegian kaltegarria dena, Beraungo biztanleentzat kaltegarria dena, berdin-berdin da kaltegarri Lapatxeko edo Urtetako zabortegian, berdin-berdin da kaltegarri Azpeitiko edo Zarauzko biztanleentzat.
Honez gero, baten bati, zaborra erraustuta arazoa konponduko litzatekeela otuko zitzaion. Arazo bat ez da konpontzen bere toxikotasuna handituz. Errauste planten inguruan bizitzea are eta arriskutsuagoa da herritarren osasunarentzat hainbat eta hainbat txosten eta ikerketek adierazten dutenez. Material eta diru xahuketa ere ez ditu errausketak ekiditen. Ez dezagun txarretik okerragorako bidaia egin. Arazoekin gauza bakarra egin daiteke: konpondu.
Hondakinak kudeatzeko eredu batek, onargarria izateko, gutxieneko hiru baldintza bete behar ditu. Probestu daitezkeen hondakinak materialki balioztatzea, errefusari ematen zaion tratamendua toxikoa ez izatea eta errefusa tratatzeko bidea malgua izatea, hau da, azpiegiturak ez daitezela oztopo izan, etengabeko hobekuntzan, Zero Zabor norabidean egin daitezkeen urratsak egiteko.
Errauste plantek hiru baldintza horietan kale egiten dute. Aldiz, baldintza horiek betetzen dituen hondakinen kudeaketarako plana badago Gipuzkoarako propio diseinatuta. 2012ko ekainean, Foru Aldundiak aurkeztu zuen nazioarteko adituek egindako plana. Gaika bildutakoa tratatzeko plantez gain, errefusarentzako tratamendu ez-toxikoa emango luketen azpiegitura malguak aurrikusten ditu. Gaur egungo %33tik abiatuta, 2016 urterako herrialdeko hondakinen %60 eta, 2020 urterako, %75 gaika biltzea proposatzen da.
Bada garaia guztiok arduraz jokatu eta Gipuzkoan sortzen ditugun hondakinei benetako irtenbidea emateko. Herritarren osasuna eta ingurumena bestelako interesen aurretik jarriko dituen irtenbidea behar dugu. Erabiltzen dugun leloak errauste planten eta zabortegi kutsakorren inguruan diona ekarri nahi dugu gogora: “Burua ondo daukanak ez ditu bere etxe ondoan nahi. Bihotz ona daukanak besteen etxe ondoan ere ez ditu nahi”. Burua eta bihotza erabiltzeko garaia da, arazoa konpontzeko garaia, Zero Zabor bidean urrats berriak egiteko garaia. Bide horri erabat heltzen diogunean bai, orduan zer ospaturik izango dugu guztiok.
Erantzun
Sartu