Teknologia albisteak
1

Lehendakari gai hori...

2012-10-11 : 18:22

EAEko Administrazio Orokorreko ELA, LAB eta TIRAKA taldeak Lehendakari gaiei Administrazio Orokorreko euskararen egoera nahi diegu helarazi, eta halaber horren gaineko galdera zehatzak egin dizkiegu.

LEHENDAKARI GAI HORI…


Euskararen garapena motelduz joan da
Eusko Jaurlaritzan azken bizpahiru legegintzaldietan. Azken legegintzaldi honetan, moteletik  erabateko paralisira heldu gara. Euskararen normalkuntzaren branka behar zuena, barku izotz-hauslea, beste administrazioentzako bide-erakusle behar zuena, Eusko Jaurlaritza, zamaontzi bihurtu zaigu.

Gaztelania da Eusko Jaurlaritzan laneko hizkuntza. Ez da apenas aurrerapenik izan azken 15 urteetan. Soilik IVAP, HPSn eta Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuan egin daiteke lan euskaraz normaltasunez.

Jaurlaritzako 5.400 langileetatik, ez dira 200 izango euskaraz lan egiten dutenak! Zergatik? Borondate politiko eskasagatik legegintzaldi honetara arte, eta borondate politiko ezagatik legegintzaldi honetan.

HPS, Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzua eta, partez, IVAP uharte euskaldunak dira Eusko Jaurlaritzan. Gainera, euskararen normalkuntzaren oinarri behar luketen Normalkuntzako Teknikarien Kidegoaren eta Itzultzaileen Kidegoaren artean ez dago harreman antolaturik, are gutxiago jardun bateraturik.

Langileei zuzendutako laneko prestakuntza erdara hutsez eskaintzen da gehien-gehienetan, eta langileokin jardun behar duten enpresei inoiz gutxitan eskatzen zaie euskarazko interlokuziorik.

Eusko Jaurlaritza osorako planik ez dago, 30 urte igaro eta gero. Justizia, Ertzaintza edota Osakidetzaren hizkuntz egoera negargarriak ezagunak dira, batez ere herritarroi oso zuzenean eragiten digutelako, baina beste sailetako egoera ez da askoz hobea. Eusko Jaurlaritzan euskararen normalkuntzan aurrera egingo bada, ardatz berean sartu behar lirateke HPS, IVAPeko Euskalduntze Zerbitzua eta IZO (Itzulpen Zerbitzu Ofiziala), HABE, Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzua, Justizia Administrazioa, Osakidetza, Ertzaintza…

Eusko Jaurlaritzako arduradun politiko gehienak erdaldun elebakarrak dira egun, eta gehienek ez dute euskararekiko inongo interesik. Lehen gutxik; azken legegintzaldian oso-oso gutxik. Arduradun politikoek, ia guztiek salbuespenak salbuespen, gaztelaniaz egiten dute lan, hortaz, euren menpeko langileak ere, erdaraz lan egitera behartuta daude. Zorte pixka batekin, lanaren azken emaitza itzultzera bidaliko da IVAPera edo Jaurlaritzatik kanpoko enpresaren batera, azken dokumentua euskaraz (ere) ager dadin. Baina hori ere ez da beti gertatzen, inondik inora: Euskadi.net webgune ofizialean bertan ere, pixka bat murgilduz gero erdara hutsezko eduki asko eta asko aurki daitezke.

Sentsibilizazio plan sendorik ere ez dago Eusko Jaurlaritzan. Eta eraikin hauetan aurki daitezkeen kartel bakanek “euskararen erabilerak ez  du mugarik” esaten badute ere, berton lan egiten dugun langileok badakigu euskaraz lan egin ahal izateko oztopoak eta mugak askotarikoak direla.

Euskara Planak abian omen daude Eusko Jaurlaritzan, langile gehien-gehienak horretaz ohartu ez badira ere; edo sailburu eta zuzendari gehienek, plan horietaz ezer jakin nahi ez badute ere.
Adibide xume bat: HPS da Euskara Planen  jarraipenaren ardura duen Administrazio atala, baina HPS ez dago Lehendakaritzan, Kultura Sailean baizik, eta ez Lehendakariaren menpe, Kultura Sailburuaren menpe baizik. Hortaz, beste sailen eta sailburuen gain duen autoritatea hutsaren hurrengoa da, sail bakoitzak “bere ezaugarrien arabera” antolatzen baitu saileko plana… egiten duenean. Hain da bitxia egoera, ezen HPS barne hartzen duen Kultura Sailean badiren sei hilabete saileko Euskara Teknikaririk ez dagoela!

Oso kezkagarria da, dimisioa eman izana Euskara Planen gidaritza zuzena eta planok garatzeko asmo zintzoa izan duten zenbait karguk, bai eta dimisio horien gainean hedatu den isiltasuna edo azalpenik eza ere.  

Langileontzako IVAPek eskaintzen duen prestakuntzaren %80 inguru gaztelaniaz eskaintzen da. Barruko informatika zerbitzuak (EJIE, CAU...), lanean sarri erabiltzen direnak, gaztelania hutsez eskaintzen dira gehienetan. Landu beharreko gaiak gehienbat erdaraz jaso ohi ditugu langileok... Baldintza horietan euskaraz lan egitea ahalegin titanikoa da, langilearen gogoaren, grinaren, eta moralaren lepo geratu ohi dena. 

Hautagai agurgarri hori, ikus dezakezun bezala, euskara “ez doa” EAEko Administrazio Orokorrean ezta bere menpeko erakunde gehien-gehienetan ere. Hartara:

Lehendakari gai hori,

  • Proiektu zehatzik baduzu 2013ko urtarrilean inplementatzen (eta ez diseinatzen) hasteko?  
  • Zer egingo duzu Euskararen normalkuntzari  bultzada berria emateko Eusko Jaurlaritzan?
  • Zer, euskara laneko ohiko hizkuntza izan dadin?
  • Zer, arduradun politikoek lidergoa har dezaten eta euren menpeko langileen aurrean eredu izan daitezen?
  • Prest zaude HPS lehendakaritzan txertatzeko, hizkuntza politika zehar-lerro izan dadin?
  • Zein hizkuntza irizpide ezarriko dituzu zerbitzu publikoa emateko kontratazioetan?
  • Azken batean, herritar eta langile euskaldunon hizkuntza eskubideak Administrazioan eta Administraziotik bermatzeko zer egiteko prest zaude?

EAEko Administrazio Orokorreko ELA, LAB eta Tiraka taldea

 

Erantzunak

2012-10-19 : 19:09

GALDERAK
http://zuzeu.com/2012/10/17/lehendakari-gai-hori/
Lehendakarigai hori, proiektu zehatzik baduzu 2013ko urtarrilean inplementatzen (eta ez diseinatzen) hasteko? Zer egingo duzu Euskararen normalkuntzari bultzada berria emateko Eusko Jaurlaritzan?
Zer, euskara laneko ohiko hizkuntza izan dadin?
Zer, arduradun politikoek lidergoa har dezaten eta euren menpeko langileen aurrean eredu izan daitezen?
Prest zaude HPS lehendakaritzan txertatzeko, hizkuntza politika zehar-lerro izan dadin?
Zein hizkuntza irizpide ezarriko dituzu zerbitzu publikoa emateko kontratazioetan?
Azken batean, herritar eta langile euskaldunon hizkuntza eskubideak Administrazioan eta Administraziotik bermatzeko zer egiteko prest zaude?

ERANTZUNAK

EH Bilduk gobernatzeko aukera izaten badu, orain arte ez bezala, gobernu taldeko kide guztiak euskaldunak izango dira. Eta baita legebiltzarkide guztiak ere.

EH Bilduk bere funtzionamendurako konpromiso batzuk jarrita dauzka, tartean goian aipatutako biak:

• EH Bilduren legebiltzarkide guztiak euskaldunak izango dira.
• EH Bilduk gobernurik osatuz gero, kontseilari guztiak euskaldunak izango dira.
• EH Bilduren legebiltzarkide eta kargu publikoen lehentasunezko hizkuntza euskara izango da, eta agerpen publiko zein komunikazioetarako kuota-sistema ezarriko da.
• Agerpen publikoak eta komunikazioak eskualdeei begirakoak direnean, eskualdeko euskaldunen kopuruaren araberako bereizketak egingo dira.
• EH Bilduren lan-hizkuntza euskara izango da.

Gure programako 2. neurrian agertzen da administrazioan lan eta zerbitzu hizkuntza izango dela euskara:

2. Herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu, eta euskara lan eta zerbitzu hizkuntza bihurtuko dugu administrazio osoan.

• Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, langile publikoek euskaraz eta espainieraz aritzeko gaitasuna izan behar dute. EAEko administrazio publikoan lan egiteko, lanpostuaren egitekoak euskaraz egoki betetzeko gai direla frogatuko dute. Administrazio guztiek euskararen gaitasuna neurtzeko sistema bera erabiliko dute.
• Baliokidetasunezko dekretua berraztertuko da.
• Zerbitzu publikoa emango duten eta administrazioarekin kontratua lortu duten enpresek administrazioaren maila berean bermatu beharko dituzte herritarren hizkuntza eskubideak, eta administrazio publikoaren kontratuetan euskaraz aritzeko gaitasuna ezinbesteko baldintza moduan ezarriko da. Irizpide nagusia izango da, euskaraz egin daitekeen guztia euskaraz egitea eta euskaraz ezin daitekeenean bakarrik, ele biz egitea. Bai Euskarari, Bikain Ziurtagiria edo euskara planak betetzen dituztela bermatzen dituzten enpresak hobetsiko dira puntuazioetan.
• Beharrezko urratsak eta lege-garapenak egingo dira arduradun politiko gorenek ere hizkuntza ofizial biak menpera ditzaten bermatzeko.
• Administrazioetan, beren organismo autonomoetan eta sozietate publiko orotan, haien hizkuntza irizpideak jarriko dira indarrean, euskara herritarrentzako zerbitzu hizkuntza eta administrazioen arteko komunikazio hizkuntza eta langileentzako lan-hizkuntza izan dadin; azken urrats honetarako neurri eraginkorrak, progresiboak eta epedunak ezarriko dira.
• Diru-laguntzak lortu dituzten enpresek erakundeak proposatutako hizkuntza irizpideak bete beharko dituzte.
• 16 urtetik beherakoentzako eskaintza: administrazioak, beren organismo autonomoak eta sozietate publiko orok eta haien kontzesionarioek 16 urtetik beherakoei zuzendutako zerbitzu eskaintza – gazteria, kultura, kirola, musika eskola, jaiak eta antzekoak – eta arlo horiei dagozkien jarduerak eta harremanak euskaraz egingo dituzte.
• Estatuaren administrazioekin eta Justizia administrazioekin harremanetan jarri eta diagnostikoak egingo dira, euskara plan osoak bidera ditzaten. Estatuko administrazioak EAEko herritarren hizkuntza eskubideak errespeta ditzan urratsak egingo dira.
• Administrazioak, beren organismo autonomoek eta sozietate publiko orok eta haien kontzesionarioek euren publizitatea argitaratzerakoan euskarazko komunikabideei lehentasuna emango diete, eta komunikabide elebidunen artean, %33tik gora euskaraz argitaratzen dutenei.

Gure programako 17. neurrian agertzen da Hizkuntza Normalizazioaren Koordinaziorako Jarraipen batzordea sortuko dugula:

17. Hizkuntza Normalizazioaren Koordinaziorako Jarraipen batzordea sortuko dugu

• Hizkuntza Normalizazioaren Koordinaziorako Jarraipen batzordea sortuko dugu, euskararen normalizazioa Eusko Jaurlaritzaren sail, sozietate publiko eta parte hartzea duen erakundeetan modu koordinatuan, eraginkorrean eta zeharlerrotasunez gauzatu dadin.
• Jarraipen batzorde horrek Jaurlaritzaren lehendakaritzatik hizkuntza politika berriaren helburuak proiektatuko ditu bere sail guztietan (kultura; herrizaingoa; hezkuntza, unibertsitate eta ikerketa; justizia; ekonomia eta ogasuna; industria eta berrikuntza; merkataritza, turismoa eta abar), sail guztiek urteko programak eta aurrekontuak osatu baino lehen, euskararen irizpideak txertatuak izan ditzaten.
• Hizkuntz Normalizazioaren Koordinaziorako Jarraipen batzorde horrek hizkuntz politikak diseinatzerakoan eta gauzatzerakoan harreman estua izango du euskalgintzarekin, oro har, eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluarekin, bereziki.
• Euskalgintza egonkor, iraunkor eta eraginkor baten estrategikotasuna kontuan hartu eta euskalgintzaren eta euskaltzaleen konpromisoa, inplikazioa eta borondatezko lana indartuko du, sinergiak bilatuz, elkarlanean arituz, estrategiak finduz eta aurrera egiteko aukerak baliatuz, euskalgintzaren jarduna muga izan ez dadin eta eragiten jarrai dezan.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago