Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak hamar bat aztarna-fosil edo iknofosil ditu identifikatuta flyscheko labarretan, konkretuki, Deba-Zumaia arteko itsasertzeko Biotopo Babestuan. Balio zientifiko aparta duten aleak dira, eta etengabeko jarraipena egiten zaie higadura naturalaren ondorioz jasan ditzaketen kalteak garaiz detektatu ahal izateko. Zaintza honi esker, duela hilabete batzuk deskubritu zen ale hauetako bat erortzeko eta galtzeko arriskuan dagoela. Hau ikusirik, Geoparkeko lantalde zientifikoak, Biotopo Babestuko kudeatzaile den Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Scolicia motako iknofosilaren erreplika zehatza eskuratzeko proiektu berritzailea jarri zuen martxan.
Iknofosilak aztarna-fosil ugari ditu; euskal kostalde osoan ez da ezagutzen gaurdaino horrenbeste arrasto dituen alerik. Balio zientifikoaz gainera, interes didaktiko handia du.
IGMEk, Geologia eta Meatzaritza Institutuak, egin du erreplika, Eleuterio Baeza Museo Geomineroko (IGME) kontserbatzailearen zuzendaritzapean, eta EHUko Arte Ederretako ikasle talde baten laguntzarekin. Lan zorrotza egin ostean, iknofosilaren erreplika zehatza lortu da. Ia ez dago alderik ale originalaren eta kopiaren artean, bolumena, kolorea, eta testura berdin-berdinak dira.
Erreplika gaur goizean aurkeztu da Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan egin den prentsaurrekoan. Ekitaldian izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari nagusia, Arantxa Ariztimuño, Zumaiako alkatea eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko presidentea, Oier Korta, eta Geoparkeko zuzendari zientifikoa, Asier Hilario. Halaber, bertan izan dira Debako eta Mutrikuko alkateak, Pedro Bengoetxea eta Jose Angel Lizardi, baita Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriuso ere.
Erreplika egitearen arrazoiak bi izan dira batik bat. Batetik, iknofosila dagoen lekua ingurune-faktoreekiko oso sentikorra da eta, bestetik, haitzetatik kalterik eragin gabe ateratzeko ezintasuna. Hala, ale originala bere jatorrizko lekuan uztea lortu da, inguru fisikoa aldatu gabe.
Hona hemen erreplika nola egin duten. Zumaiako Baleike aldizkariak grabatu eta argitaratua.
Erreplikatu den aleak aztarna-fosil ugari ditu, 50 arrasto baino gehiago; euskal kostalde osoan ez da ezagutzen gaurdaino horrenbeste arrasto dituen iknofosilik.
Ekinido arrasto multzoa ikus daiteke bertan, itsas trikuaren itxurako animaliek egindakoak. Sei metro ditu luzeran eta ia metro bat zabaleran.
Ikusgarria da tamainagatik, baina bereziki bikain kontserbatuta dagoelako nabarmentzen da. 53 milioi urte ditu eta 1000 metroko sakoneran eratu zen, itsas hondo ilunean.
Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoaren hitzetan, “ez da ohikoa horrenbeste aztarna-fosil pilatzea geruza bakarrean, oso deigarria da; baliteke toki hura nutrienteetan aberatsa izatea eta ikusten diren arrastoak elikagaiak pilatzeko izaki haien joan-etorriek utzitakoak izatea. Baina interpretazio bat baino ez da, ez daukagu ebidentziarik hau konfirmatzeko”.
Balio zientifikoaz gainera, interes didaktiko eta dibulgatibo handia du. Hain zuzen ere, erreplika Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan geratuko da ikusgai. Elementu berri hau gehituta, Euskal Kostaldeko Geoparkeak, eta zehazki Algorri Zentroak, baliabide bat gehiago izango du aurrerantzean bere ondare aberatsa ezagutzera emateko.
Erreplika gertutik ikusi nahi duten guztiek horretarako aukera izango dute, doan, Geoparkeen Europako Astearen barruan. Ekainaren 10era bitarte luzatuko da. Egitasmo hau Europan egun dauden 71 geoparkeetan egingo da aldi berean, tokian tokiko balioak ezagutzera eman eta herritarrengan ondarearen kontserbazioaren inguruan kontzientzia pizteko helburuarekin.
Geoparkeak zortzigarren edizioa du aurtengoa. Egitarau aberatsa antolatu du, publiko zabalari irekia. Besteak beste, hitzaldiak, zinea, ondare kulturala ezagutzeko doako bisita gidatuak eta “Originala edo erreplika?” izeneko erakusketa antolatu ditu.
Erakusketak gaur zabaldu ditu ateak Algorri Interpretazio Zentroaren bigarren solairuan. Geologia eta Meatzaritza Institutuak (IGME) garatutako erakusketa da. Gerturatzen direnek fosilen eta mineralen erreplika zehatzak ikusi ahal izango dituzte, ale original batzuekin batera.
Erakusketak erronka edo joko bat proposatzen digu: ea bereizten dugun erakusketa honetako zer pieza diren benetakoak eta zein diren kopia perfektuak. Gainera, erakusketa bisitatzen dutenen eta sarreran aurkituko duten fitxa betetzen duten guztien artean fosil baten erreplika zozketatuko da. Erakusketa ekainaren 30era arte egongo da zabalik.
Erantzun
Sartu