Teknologia albisteak

"Itoiz udako sesioak", dokumental zirraragarria, groupie izan ala ez

Erabiltzailearen aurpegia
gaur : 10:16

Atzo izan zen "Itoiz udako sesioak" filmaren aurreestreinaldia Bilbon (aretoetan, gaur estreinatuko da). Pelikula zirraragarria da Itoizen edozein jarraitzailerentzat, baina taldea ezagutu ez zutenentzat ere puntu oso interesgarriak ditu, musika talde baten dinamikaz, musikaren profesionaltasunaz, gertuko harremanez, partaideen egoeraz edo sorkuntzaz adibidez.

Hiru zuzendariren artean egin dute filma, Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka, 7 urte eman dute prozesuan. 

Dokumentalean ikusgarria da JC Perez gaztearen indarra, Juan Carlos bera orain harritzen duena. Oso grafikoa da sorkuntza eta iruzurtiaren sindromearen arteko lotura. Filmaren extra moduan Itoizko partaideek kantu bat jo eta grabatu dute estudioan.

Filmaren aurkezpenean Fermin Etxegoienek azpimarratu zuen moduan, dokumental guztietan ikusleak berarentzat ezkutuan zegoen informazio bat jasotzen du, baina filma honetan protagonistek beraiek egiten dituzte galderak eta ezkutuan zegoen informazioa jasotzen dutenak beraiek dira!

Filmerako garai hura berregin dute Mutrikuko talde gazte bati esker (Obego taldea), giroa ere berregin dute Mutrikun eta inguruko hainbat kokapenetan: Venezia diskoteka, Lastur, Mutrikuko eliza, Ametza jatetxea eta abar. Gainera Obego taldeak kontzertu txiki bat eskaini zuen filma bukatzean alboko taberna batean, Itoizen aurrekari izan zen Indar-Trabes taldearen kantuak joaz, entzule ziren Itoiz eta euskal musikako beste izen handi batzuen plazererako.

Goiko argazkia atzo egin nuen, Itoizko musikariak eta zinegileak elkarrekin. Beste argazki batzuk, Obegokoak jotzen ere bai, Mastodonen erakutsi ditut.

Asteburu honetan 35 zinematan emango da filma eta hurrengo asteetan izango da Euskal Herrian zein kanpoan ikusteko aukera (Madril, Malaga, Valencia aipatu zituzten besteak-beste).

Aipatzekoa, hurrengo asteburuan, aukera bikoitz bitxi eta interesgarria Baionan, otsailaren 1ean. Dokumentalaren emanaldia L'Atalanten 18:30etan eta gero Foisis taldearen kontzertua Zizpa gaztetxean 21.00etan. (Izenari buruzko argipena, tribute band izen hori dute lapurtar hauek, Foisis, baina Jose Garate 'Foisis' ez da partaide, ez bera ez beste Itoiztarrik.)

Erantzun

Sartu