2011ko maiatzean erosi nuen Amazon Kindle liburu irakurgailua. Urtebeteko esperientzia oso positiboa izan da. Urte honetan normalean baino askoz gehiago irakurri dudala garbi dago. Urrun dago liburuaren desagertzea, baina paperezko edizio askorena geroz eta gertuago.
Ni teknobedade zalea naiz eta garbi zegoen ongi moldatu behar nintzela. Kontua da inguruan ditudan liburuzale sutsuak direla formato berrira hobekien moldatu direnak. Hasieran "bai baina niri paperaren ukitua gustatzen zait..." esaten zutenak, aldi berean 3 liburu irakurtzen dabiltzanak, horiek daude benetan gustora liburu elektronikoarekin.
Erosketa prozesua oso ongi landuta dauka Amazonek, bai lehenengo erosketa eta bai liburuak beraien sistema bidez erostearena. Batere trabarik gabe, badirudi ordaindu ere ez dugula ordaintzen!
Duela zenbait hilabete Kindlearen pantaila izorratu zitzaidan. Beraiei txat batean idatzi, eta hiru egunen buruan berria neukan etxea. Zaharra itzuli eta listo, ez nuen ezer ordaindu behar izan.
Asko gustatzen zait nola Amazonen liburuaren zati bat eskuratu daitekeen ezer ordaindu gabe, frogarako. Liburua pixka bat irakurri eta gustatzen bazait gero erosteko aukera dago. Gainera dena instantean gertatzen da wifiari esker. Liburua aukeratu eta 10 segundutan irakurtzen hasi zaitezke.
Aldi berean, kontuz ibili behar da Amazonekin. Beti ere ziurtatu kontrola zuk duzula. Hau da, liburuak saldu baino, esango nuke "utzi" egiten dizkigutela, izan ere egunen batean beste irakurgailu bat erosten baduzu ez dute harako balioko Amazonen erositako liburuek.
Hori ekiditeko garrantzitsua da liburu elektronikoak kudeatzeko Calibre aplikazioa zure ordenagailuan instalatu eta beraren bidez Amazoneko liburuak beraien DRMtik "askatzea". Bilatu Interneten eta ziurtatu kontrola zure eskuan duzula. Adibidez hemen azalpenak eta hemen deskargak
Kontutan izan Kindlea 100 Euro inguruan saltzen duela Amazonek. Prezio horretan argi dago beraien helburua ahalik eta tresna gehien banatzea dela, gero irabaziak liburuen salmentarekin izango bait dituzte.
Amazonen arrakastaren arrazoi handienetakoa da aparatua bera. Arina, bateria luzea, tinta elektronikodun pantaila, kapazitate altua, wifi bidez liburuak deskargatzea eta abar luze bat. Ohean irakurtzeko adibidez, beti izan ditut postura egokia aurkitzeko zailtasunak paperezko liburuekin. Kindlearekin bat ere ez.
Iturri onena: Susaren liburu elektronikoak
Izugarri ernegatzen nau honek. Inozoak garela uste dute eta oso sarritan liburu elektronikoa paperezkoa baino euro pare bat gutxiagotan saltzen da edo bertsio ingelesen aldean askoz garestiago. Azken adibidea: Austerren Sunset Park. Euskaraz aurkitzea ez dut espero (paperezkoa bai baina ez digitala) eta Amazonen erostera joan nintzen. Ingelesez 2,29 Eurotan zegoen eta gazteleraz, 7,50 Eurotan. 7 Euro ez da gehiegi, baina horrelako aldearekin haserretu nintzen eta deskarga libreen webguneetan hasi nintzen bila. Ez nuen aurkitu eta horrek libratuko du oraingoz. Horren ordez deskargatu dut ingelesezko muestra, eta gustora irakurtzeko gai banaiz, ingelesez erosiko dut.
Bukatzeko, Javier Vizcaino kazetariak sufritu du DRMen gaia eta artikulu argigarria jarri zuen bere blogean: Fnac, Kindle, Ebook... Crash!
Erantzun
Sartu