Teknologia albisteak

"Itzulpenaren teoria eta jarduna: bideak urratzen"

2013-06-10 : 10:49
Itzulpengintzaren inguruko ikastaroa eskainiko du aurten ere UEUk udako ikastaroetako aukera zabalaren baitan. "Itzulpenaren teoria eta jarduna: bideak urratzen" uztailaren 10ean eta 11an izango da, Baionan.
Ikastaroaren helburua itzulpengintzako ikasketen eremuan atzemandako hutsune batzuk asetzen saiatzea da. Alde batetik, itzulpenaren teoriaren baitan azken urteotan jorratu diren ikerketa ildoen berri ematea, etorkizuneko ikertzaileei abiapuntu bat eskaintze aldera. Bestetik, itzultze jardunari dagokionez, ezohikoak/periferikoak diren generoen itzulpena aztertzea eta praktikan jartzea, ikasketetan lantzen ez diren esparruak, edo lantzekotan oso modu axalekoan lantzen diren esparruak jorratuz.

Euskal itzulpengintzara aplikatutako itzulpen teoria, itzulpengintzari lotutako diskurtso postmodernoak eta teoria postkolonialista zein feministak izango dira uztailaren 10ean eta 11n entzungai. Teoriatik abiatu arren praktikak ere izango du ordea tokirik bi egun horietan. Kultura (guretzat) arrotzen itzulpena, taldean egindako itzulpena, (auto)zuzenketa, poesia itzulpena eta testu dramatizatuen itzulpena gertutik ezagutzeko modua izango dute Baionara bertaratzen direnek. Bukatzeko, itzulpenaren kanona eta kritikaz arituko gara mahaiaren bueltan. Hausnarketarako eta eztabaidarako aukerarik ez da faltako, beraz.

Ikastaroaren inguruko xehetasun guztiak UEUren web orrian dituzu eskura.

Erantzun

Sartu