Teknologia albisteak

"Harako Gabriel Aresti hartaz" zikloa asteon Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia
2012-10-08 : 10:03

Aste honetarako ekitaldi sorta prestatu du Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiak, berari izena damaion idazlearen jaiotza egunaren bueltan. Aurten, Harako Gabriel Aresti hartaz izenburupeko ekitaldiak astelehenean hasiko dira (urriak 8), Xabier Monasteriok Kafe Antzokian eskainiko duen Arestiri gorazarre hitzaldiarekin. Ekitaldi guztietarako sarrera doakoa izango da.

Biharamunean (urriak 9) Rafa Ruedak, Anje Duhaldek eta Josu Zabalak kantagintza saio ireki berezia osatuko dute Arestiren kantuen gainean, ez baitira gutxi kantu bihurtutako bere olerkiak.

Asteazkenean (urriak 10) Patxo Telleriak zuzendutako Diot dokumentala ikuskatuko dugu, idazlearen bizitza, testuingurua eta bere ekarpena hainbat lekukoren bidez. erakusten dituena.

Ostegunean (urriak 11), Soinugela irratsaioaren emanaldi berezia eskainiko du Bilbo Hiria irratiak zuzenean Kafe Antzokitik. Pedro Elias Igartua musika adituak Arestiren garaian, hau da, 60ko eta 70eko urteetan, poesía sozialak bai Euskal Herriko eta bai atzerriko musikan eduki zuen eragina aztertuko du.

Amaitzeko, larunbatean (urriak 13), txango kulturala izango dugu Edorta Jimenezen eskutik, Arestiren bizitzan mugarri izan ziren Bilboko zenbait toki eta kale bisitatuz, geldialdi bakoitzean olerki bat irakurriz.

Gainera, aste osoan (urriaren 8tik 14ra), Bilboko Kafe Antzokian ikusgai izango den eta 14 panelez osatuta dagoen Bizitzaren erakusgarri erakusketa ikusi ahal izango dugu, Arestiren ibilbide personal eta literarioaren berri ematen duena.

Erantzun

Sartu