Teknologia albisteak

Arabako Errioxa protagonista Barandiaran Bildumaren 20. zenbakian

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak Barandiaran Bilduma kaleratzen du Barandiaran Bekaren emaitzak bertan jasoz eta 20. zenbakiak argia ikusi berri du. Josu Ozaita eta Edurne Urrestarazu antropologoek 2017ko Barandiaran Beka irabazita eginiko “Arabako Errioxako Enokultura Sarea” ikerlanarekin osatu da. Jatorrizko euskarazko ikerlana jasotzeaz gainera, gaztelaniazko laburpen bat ere badu amaieran liburuxkak.

Barandiaran Bildumaren 20. zenbakiak Arabako Errioxa du protagonista; "ardoa bidaide hartutako egungo eskualdearen ikerketa antropologikoa" egin dute Ozaita eta Urrestarazu gipuzkoarrek. 2017ko Barandiaran Beka irabazi eta urte eta erdiko lana egin ostean (protagonistekin elkarrizketak, mahats-bilketetan parte hartzea, ingurunearen azterketa...) "Arabako Errioxako Enokultura Sarea" lanak argia ikusi du; oraingo honetan, zenbaki berria Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin kaleratu da.

Barandiaran Beka da Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko oinarri nagusienetako bat eta bertako presidente Josemari Velez de Mendizabalen hitzetan, "ikerketa honek Fundazioan mugarri bat ipintzen du arrazoi ezberdinengatik: jorratutako ikergaia berritzailea da, eta Barandiaranek horrenbeste maite zuen lurraldean, Araban, dago kokatuta. Itxaropentsua da gainera, horrelako gai baten inguruko ikerlanak bi gaztek egin izana eta gainera, euskaraz".

Bi autoreek, honela azaltzen dute esperientzia: “2016ko abenduan jakin genuen beka eman zigutela. Urruti ikusten dugu, baina albistea pozez jaso eta ikerketari gogoz heldu geniola gogoan dugu. Biok gipuzkoarrak izanda, geografikoki hain urruti ez, baina bizimoduz nahiko desberdina den euskal zonalde batean aritzeko aukera izan dugu Arabako Errioxan. Oso ibilbide polita izan da, leku eta jende ona ezagutzera ahalbidetu gaituena. Bertakoen testigantzak jaso ditugu eta gure hausnarketekin josita, liburuak ikerketaren bilketa interesgarria eta aberatsa egiten duela uste dugu”.  

Arabako Foru Aldundiaren moldiztegian diseinatu eta inprimatu da liburuxka eta Fundazioaren bitartez eskuratu daiteke.

Informazio gehiago: Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa

Erantzun

Sartu