Teknologia albisteak

Euskara Pil-Pilean kanpaina abian da

2013-11-10 : 09:20
Euskararen Nazioarteko Egunari begira Eusko Ikaskuntzak Mintzanet programarekin bat egin du eta kanpaina berezia abian jarri du. Karlos Argiñanok eta Aizpea Oihanederrek jada jantzi dute ekimenerako sortutako amantal berezia.
Aurtengoan Eusko Ikaskuntzak munduko edozein txokotan kokatutako pertsonen artean euskarazko komunikazioa bultzatzea du asmo, edozein delarik ere txoko horretan nagusi den hizkuntza. Horretarako, Mintzanet baliatuz, alde batetik euskara maila gorena duten eta beste pertsona batzuei elkarrizketak garatuz laguntzeko prest dauden pertsonak eta, beste alde batetik, maila apalago bat izanik, euskarazko elkarrizketa izan nahi duten pertsonak bilatu nahi ditu. Modu horretan, bi aldeetako pertsonek elkarri lagunduko diote bakoitzaren ahozko gaitasunak garatzen. 
 
Hala euskara maila gorena dutenek, Bidelagunak, (lagundu nahi dutenak), nola hobetu nahi dutenak, Bidelariak, abenduaren 2ra bitartean eman ahal izango dute izena www.eusko-ikaskuntza.org/ene webgunean. Opari anitz zozketatuko dira parte hartzaileen artean: liburu sortak, egunerako sortutako amantal bereziak etabar.  “Euskara pil-pilean” kanpainan aurpegi oso ezagunek parte hartuko dute, esate baterako, Karlos Argiñano eta Aitzpea Oihaneder sukaldariek.
 
Bestalde, zortzigarren urtez jarraian, ENE Saria banatuko da, euskara sustatzen eta euskal kultura garatzen lan egiten duen kanpoko entitate bati, lan horren aitorpen modura, ematen zaiona. Saria, finean, aitorpen publikoa da eta Nestor Basterretxea artistak diseinaturiko anagramaren eskultura-erreprodukzioa banatzen da. Hautagaitzak aurkezteko azken eguna azaroaren 25a da. 

Aitzindaritza
Euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatzeko abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) ospatzen da urtero. Egun hori 1949. urtean finkatu zuen Eusko Ikaskuntzak, munduan zehar barreiaturiko euskaldun guztiak euskararen inguruan bildu eta bizitzaren esparru guztietan haren baitan aritzeko xedez.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago