Teknologia albisteak

Elgoibarko Udalak Gotzon Garate Bekaren III.deialdia abiarazi du

2017-11-20 : 14:57

Elgoibarko Udalak Gotzon Garate izeneko beka sortu zuen 2009an, euskara arloko ikerketa sustatu, eta aldi berean, idazle eta euskaralari elgoibartarra omentzeko asmotan. Beka horren lehenengo deialdian, 2009an, ikerketa gaia Elgoibarko Toponimia izan zen. Bigarren deialdian, 2014an, bekaren helburua Elgoibarko euskarazko ondarea gizarteratzeko egitasmoak edota euskarriak proposatzea izan zen eta horren emaitza izan zen elgoibarreraz ataria.

Oraingoan, berriz, Udalak, Gotzon Garate bekaren III. deialdia onartu du eta urriaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu da horren laburpena. Bekaren helburua: Gotzon Garateren oroimenez Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak, 2009an hasita, elkarlanean antolatu duten “EUSKARA ALA EZKARA” zikloek emandakoa jaso, aztertu eta gizarteratzeko lan-plana diseinatzea.

Oinarriak eskura daude www.elgoibar.eus webgunean, bekaren gehienezko iraupena 9 hilabetekoa izango da, eta zenbatekoa, berriz, 12.000 eurokoa. Ikerketa lana euskaraz egingo da, eta originala eta argitaratu gabea izan beharko da. Lana Udalaren Euskara-Kultura Batzordearen ardurapean burutuko da.

Beka norbanakoek zein lantaldeek eskatu ahal izango dute. Lantaldeen kasuan, Udalaren aurrean ordezkari izango den zuzendari arduraduna izendatu beharko da. Eskatzaileak erdi edo goi mailako unibertsitate titulua izan behar du, eta gainera, EGA edo agiri baliokideren bat.

Eskabideak eta gainontzeko agiriak honako helbide honetara bidaliko dira: 

ELGOIBARKO UDALA
Herritarrentzako Arreta bulegoa
Santa Ana kalea 2. 20870 Elgoibar (Gipuzkoa)
Erreferentzia: “Gotzon Garate Beka III.deialdia”

Bekarako proposamenak 2017ko azaroaren 22ra arte aurkeztu ahalko dira.

Erantzun

Sartu