Mussche eleberriaz luze eta zabal mintzatuko da Kirmen Uribe bihar, azaroak 22, 20:00etan, Iruñeko Auzolan liburu-dendan (Tutera kalea 16), Euskalerria Irratiaren eskutik. Kirmen Uriberi ordu beteko elkarrizketa eginen dio Juan Kruz Lakastak. Liburu berriaz, literaturaz, bizitzaz mintzatuko dira, irrati iruindarrak bere 25. urteurrenaren karietara antolaturiko Elkarrizketak Auzolan-e(a)n egitarauaren barruan. Solasaldiaren audioa zein bideoa irratiaren webgunean zuzenean jaso ahal izanen dira, streaming-a eginen baitute. Zehazki audioa hemen egonen da, eta bideoa hemen.
Robert Mussche idazle flandiarra da Uribek Susa argitaletxearekin taxutu duen eleberriko protagonista. Gizon engaiatua izan zen Mussche, Flandriako alderdi sozialistako kidea. Hogeita hamaseiko gerrako haur bat, Karmentxu Cundin bilbotarra, hartu zuen etxean. Kataluniatik gerra kronikak idatzi zituen. Bigarren mundu-gerraren ondotik, nazien aurkako Erresistentziako kidea izan zen. Nazien kontzentrazio eremuak ere ezagutu zituen. Herman Thiery idazlearekin laguntasun harreman estua izan zuen.
Musscheren bizitza ikertu du Uribek, eta horren kronika dokumentatua eta fikzio zertzeladak uztartuz, laguntasuna, maitasuna, gurasotasuna eta konpromisoa bezalako gaiak jorratu ditu.
Erantzun
Sartu