Teknologia albisteak

Sustatuk zuzenean eskainiko du bihar Euskalerria Irratiaren 25. urteurren gala

Erabiltzailearen aurpegia
2012-11-06 : 09:37

Sustatu, Berria, Argia eta Zuzeuk zuzenean eskainiko dute bihar haien webguneetan, streaming bidez, Euskalerria Irratiaren 25. urteurreneko gala, 20:00etatik aurrera. Eta hori bera egiteko gonbita luzatzen die Euskalerria Irratiak euskal webgune eta blog guztiei, embed egiteko (streaming-a txertatzeko) kode hau eskainiz.

Helburua, akelarre digitala egitea irratiaren urteurrena ospatzeko, eta irratiarentzako lizentzia aldarrikatzeko. Zortzigarren euskalkia darabilten guztiekin. Interneteko euskal unibertsoa osatzen duten denekin.

Gala bihar eginen dugu, 20:00etatik aurrera, Atarrabiako Kultur Etxean. Euskalerria Irratiak 25 urte eman ditu entxuferik gabe, eta halaxe, entxuferik gabe, unplugged, modu akustikoan ariko dira Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Ruper Ordorika, Balerdi-Balerdi eta Kerobia. Enrique Villarreal El Drogas ere iragarrita zegoen, baina gaixotu egin da.

Musikaz gain, elkarrizketak, lehiaketak eta esketxak izanen dira. Eta hori guztia streaming-ean txukun gozatzerik izan dadin, Eguzki Bideoak-eko kideek hiru kamera eramanen dituzte Atarrabiara, baita errealizazio mahaia ere.

Ekitaldia, jakina, zuzenean ere goza daiteke. Sarrerak 5 euroan dira salgai, Euskalerria Irratian, Karrikiri Euskal Dendan (Xabier karrika 4, Iruñea), Karrikaluze Elkartean (Ribed parkea 1, Atarrabia) eta Atarrabiako Kultur Etxea. Sarrerak nahi dituztenek azkar mugitu beharko dute. 300 besterik ez dago, eta erdiak dagoeneko salduta daude.

Live video from your Android device on Ustream

Erantzun

Sartu