Teknologia albisteak

Antzin eta Urdirozko udalekuetan ibilitakoen topaketa

2013-02-21 : 12:20

Euskal Udalekuak entzun eta bizipen ugari etorriko zaizkio bat baino gehiagori. Gaur egun Euskal Udalekuak elkartean hiru etxek dihardute: Goñikoak, Bernedokoak eta Abaigarrekoak. Hala ere, beste toki batzuetan ere izan ditu etxeak elkarteak, tartean, Antzinen eta Urdirotzen. Antzingo Udalekua 1972 aldera hasi zen eta, 1981ean itxi zenean, Urdirotzen eman zitzaion jarraipena. Urdirozkoa, berriz, 2006an itxi zen eta, hori dela eta, azkeneko urteetan bertan jardun zuen taldeak komenigarritzat jo du bi etxe horien historia eta bertan ibilitakoen bizipenak liburutxo batean eta DVD batean jasotzea.

Horretarako Antzinen eta Urdirotzen begirale, sukaldari, laguntzaile, haur... ibilitako jendea elkartu eta pare bat topaketa egin nahi ditugu: Zarauzko ikastolan, martxoaren 2an, Urdirotzen ibilitakoentzat eta Lazkaoko Kultura etxean, martxoaren 9an, Antzinen eta Urdirotzen lehen urteetan jardun zutenentzat.

Topaketa horietan, besteak beste, udalekuotako oroitzapenak, anekdotak, bizipenak… jaso nahi ditugu eta, aldi berean, bilkura aprobetxatuko dugu jasota dauzkagun argazki eta material batzuk erakusteko eta jendeak izan ditzakeen material eta argazki berriak jasotzeko ere.

Interesatuei aurrerago bidaliko diegu informazio zehatzagoa, baina goizeko 9:30ean hasi eta 3 ordu inguruko saio atsegina izatea da gure nahia.

Saioak egoki antolatu ahal izateko komeni zaigu zenbat parte-hartzaile izango garen jakitea, eta horregatik formulario txiki bat osatu dugu izena emateko.

Egun horretan topaketara etortzerik izan ez baina gaiaz interesatuta egonez gero ere formularioa betetzea proposatzen dizuegu eta jarriko gara interesatuekin harremanetan.

Animo, bada, lagunok: eman izena eta zabaldu mezua zuen inguruan.

Antzin eta Urdirozko Euskal Udalekuetako memoria jasotzeko taldea

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago