Teknologia albisteak
5

Munduko xake txapelketa jokoan Chennain... eta Interneten

Erabiltzailearen aurpegia
2013-11-14 : 17:20
Azken urteotako oihartzunik handiena izaten ari da 2013ko Munduko Xake Txapelduna erabakitzeko Chennain (India) jokatzen ari den matxak, jokalarietako baten jaioterrian. Aurrez aurre egungo Txapelduna, Viswanathan Anand, indiarra baina Madrilen bizi dena; eta Magnus Carlsen, norvegiarra, 22 urtekoa eta Nazioarteko Federakuntzaren zerrendaburua, sekula jokalari batek lortu duen puntuazio altuena izan duena (2872 puntu 2013ko otsailean).
Partidak larunbatean hasi ziren eta interneten sekulako jarraipena izan zuten. Indiako 15:00tan hasten dira partidak, Euskal Herrian goizeko 10:30ak direnean, eta larunbatean sekulako ikusmina zegoen matxaren inguruan. Askoren iritziz, 1972an Islandian Bobby Fischer eta Boris Spasskyk jokatu zutenaren ostean garrantzitsu eta ikusgarria izango dena. Horrelako ikusminik behintzat ez da aspaldian sortu xakearen inguruan.

Indian bertan, Anand egungo txapelduna, heroi gisa tratatzen dute eta Indiako kirolari onenaren saria eman diote.

Norvegian, Carlsen ere antzeko zerbait da. Eliteko xakea nolabait normalizatu duen gazte bat da Carlsen. Sustatun bertan ere argitaratu zen bere berri 2004an Mallorcan jokatu zen xake olinpiadan egon baitzen. Ez da xakeagatik bakarrik famatu egin, G-Star erropa markaren modeloa izan zen 2010eko neguan eta orain dela gutxi iragarri dute aurten ere berriz izango dela marka berdinaren modeloa.

Txapelketa Norvegian bertan oihartzun izugarria izaten ari da. Bertako telebista partidak zuzenean eskaintzen ari da bertako jokalarien komentario eta guzti, VG egunkaria ere jarraipen handia egiten ari da eta joan zen astean Carlseni buruzko dokumental on bat eman zuen.

Asteburuan 700.000 ikusletik gora izan ditu Norvegiako telebistak txapelketa honi buruzkoak zuzenean eskaintzerakoan. Igandean %42ko share-a izan omen zuen partidak. VG egunkariaren audientziak ere gora egin du, eta asteburuan zehar 150.000 ikusletik gora egon dira egunkariaren webgunetik partidak jarraitzen. Horiexek dira ostiral goiz honetan, 5. partida hasteko ordu bi geratzen direnean Norvegiatik datozen albisteak.

GQ aldizkariak ere eman zuen honen berri eta tuit baten laburtu zuenez, bere webgunean agertutako xakeari buruzko albistea, Victoria Secreten modeloen 100 argazkiak baino ikusmin handiagoa sortu zuen


Baina partidak dirauten artean, xakelariak ere hor ibiltzen dira/gara partidak jarraitu nahian. Antolatzaileek webgune ofizialean eta YouTuberen bidez zuzeneko irudiak eta komentarioak ematen dituzte, horretarako lau gonbidatu dituzte: Lawrence Trent, Tania Sachdev, Susan Polgar eta Ramesh RBrekin. Guztiek Twitter erabiltzen dute ikusleen iritzi eta galderak erantzuteko, eta lehenengo egunean izan zen jada lehenengo polemika: antolakuntzak #FWCM2013 traola erabiltzea eskatzen zuten, ikusleok ordea #AnandCarlsen esanguratsuagoa erabili genuen. Gerra irabazi egin genuen ;)

Twitterren bertan, eta Norvegian, Munduko Txapelketaren matx hau TT izan da azken egunotan:

Zer gertatuko den? Nork irabaziko duen?

Ez dakit, jende askorentzat Carlsen faborito argia zen. Nik ez nuen garbi eta lehenengo 4 partiden ostean ez dut garbi oraindik:

Baina lehenego bi partidetako berdinketen ostean jendeak matx hau aspergarria izango zela ere esan zuen, eta hirugarren eta laugarren partidekin lehenengo biak guztiz ahaztuarazi dizkigute. Borroka gogorra eta luzea izango da.

Txapelketaren inguruko informazio apur bat gehiago Euskarazko Wikipedian ere irakurri dezakezue.

Lehenengo lau partiden kronikak ere irakurri ditzakezue, adibidez The Week In Chess aldizkariarenak:

Erantzunak

2013-11-15 : 11:23

Inork jarraitu nahi badu... hasi da gaurko partidaren jarraipena zuzeneko komentarioekin https://www.youtube.com/watch?v=GzKrt85ctmw

2013-11-15 : 11:47

Ederra kronika.
Nik, gehitzearren, Leontxok idazten dituenak gehituko nituzke, hemen 4. partidakoa: http://deportes.elpais.com/deportes/2013/11/13/actualidad/1384360734_352334.html

Nik ere, Anand berak aitortu zuen bezala, 4. horretan Anand galduta ikusi nuen, baina ederra izan zen ezkutuko mehatxuekin, (peoi txuri bakarti-geldirik-kabroi txiki horren potere ezkutua hain handia zen!!) , nola aurre egin zion Carlsen-i.
(ezkutuko mehatxu guztiak Polgarren eskutik ikusi nituen, jakina)

2013-11-15 : 12:16

BTW (interneten gauzak nola aldatzen diren adibide bat)

2012an nik esan izango nuke 2013ko Munduko Txapelketa interneten ICC bidez jarraituko nuela (Internet Chess Club), esaterako, edo antzeko webgune espezializatu batetik…

Bada 12 hilabete beranduago YOUTUBE+TWITTER en bidez jarraitzen ari naiz…

Hilabete eskax batzuetan "paradigma" aldatu didate...

2013-11-15 : 12:28

Esango nuke Londresko Txapelketa izan dela horretan aitzindari (http://www.londonchessclassic.com/), bertako komentarista onena dago Munduko Txapelketa honetan ere (@LawrenceTrentIM).

Eurak hasi ziren zuzeneko partidak LiveStream bidez eskaintzen eta Twitter erabiltzen komentarioak jasotzeko. Pare bat urtean horrela aritu ostean Martxoan jokatu zen Hautagaien Txapelketan ere (http://london2013.fide.com/) esperientzia errepikatu zuten eta orduan ere arrakasta izugarria izan zuen.

Eta orain hau. Agian ETBk ere eman behar luke telebistan... ;) Leontxo Garciak askotan kontatu izan du 1987an (edo 1992an ez dut gogoan data zehatza), Sevillan Kasparov eta Karpovek jokatu zuenean TVEk ere zuzenean eman zuela partida erabakiorra eta audientzia handia izan zuela.

2013-11-22 : 16:40

Magnus Carlsenek irabazi du txapelketa, hiru garaipenerekin. 10. partidarekin nahikoa izan da. Eguneratua dago jada euskarazko Wikipediako txapeldun gazte berriaren orria: https://eu.wikipedia.org/wiki/Magnus_Carlsen

Erantzun

Sartu