1997an, Euskal Herrirako nortasun agiria egiteko ENA Elkartea sortu genuenean, ekimenak naziogintza proiektu barruan lekutxo bat izango zuela aurreikusten genuen. Hala ere, ez genuen pentsatu, hamabost urte igaro ondoren izan zuen hedapen kuantitatibo zein kualitatiboa. Hasieran aurkezpen publiko batzuk egin genituen eta emeki-emeki jendea agiria eskatzen hasi zen. Noski, kopuru txikitan baina gorantz zihoan hilabetez hilabete. Harridura handia sortu zuen agiria, eta denetariko iritziak entzun genituen hastapenetan: “kromo bat dirudi”, “el DNI vasco”… Une horietako onena, zalantzarik gabe, herritarrek agiria eskuratzean jartzen zuten alaitasun aurpegia eta poza.