Teknologia albisteak

Irakurle txokoen 3 E-ak: eleberria, egungoa eta etxekoa

Erabiltzailearen aurpegia
2013-06-13 : 11:04
Irakurle txoko/klub/solasaldi eta abarrei buruzko azterketa txiki bat da hau; hamar irakurle klubetako azken bi ikasturteetako irakurgaien azterketa egin ostean, gogoeta sustatzeko beharra nabarmentzen du, besteak beste, gisa honetako galderen bidez: izenburuko 3 E horiek egonkortzen eta irizpide horiek betetzen dituen kanon bat elikatzen segitu nahi dugu irakurle txokoen bidez (ere)?
Berrogeitik gorairakurle txoko daude, gehienak, bistan denez, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietarik aunitz euskara elkarteek antolatzen dituzte, edo liburutegiek euskarazko ekintzei eskaintzen dizkieten jardueretako parte dira. Lemoan eta Elizondon gaztetxeak antolatzen ditu.

Lagin modura hamar aukeratu ditugu: Gasteiz, Arrasate, Bilbo (Bidebarrieta), Bermeo, Donostia (Liburutegi Nagusia), Lizarra, Miarritze, Hernani, Zumaia eta Ea.

Moderatzaile lanetan idazle bat dute askok, eta moderatzaile berak gida ditzake txoko bat baino gehiago (ez hautatutako hamarreko zerrendan). Oro har irakurgaiak moderatzaileak berak aukeratzen ditu, baina galdetutako gidari gehienek diote zerrenda «irakurleen proposamenekin» osatzen dutela; liburuzainek, berriz, moderatzaileari bakarrik egozten diote ardura hori. Generoen, autoreen, argitaletxeen eta abarren arteko oreka gordetzen saiatzen direla ere diote askok, baina geroago ikusiko dugu oro har ez dutela lortzen. Horrekin lotuta eta liburuak hautatzeko irizpideei dagokienez, oro har liburutegiek ez dakite zer irizpideren arabera hautatzen diren, eta gidari batzuek diote aniztasuna bilatzen dutela, beste batzuek, berriz, literatur kalitatea. Hamabostean, hilean edo bi hilean behin elkartzen dira uda salbu, baina bada urteko lehenengo erdian biltzen denik (Bilbokoa otsailetik ekainera) baita urte osoan ere (Eakoa). Talde txikiak izaten dira, 6tik 18ra bitartean, eta idazlea bertaratzen den egunetan zenbatekoa handitu egin ohi da. Emakumeak dira talde horietan biltzen diren irakurleen gehiengoa.

Irakurle txokoen azterketa egiten duen idatzi osoa elearazi atalean duzue, eta horren bertsio laburrago bat, berriz, ekainak 9ko Berrian.

Erantzun

Sartu