Teknologia albisteak

Larunbat honetan ospatuko da Euskararen Ginkanaren 3.edizioko finala

Erabiltzailearen aurpegia
2014-01-24 : 11:53

Ilaski Serranok gidatuta, finaleko probetan puntu gehien biltzen duen taldeak 3.000 euroko saria jasoko du.

Kutxa Ekoguneak hirugarren urtez antolatu duen lehiaketa da Euskararen Ginkana, euskaraz eta euskararekin dibertitzeko helburuarekin. Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean gauzatu da lehiaketa eta, lehen aldiz, parte hartzea taldekakoa izan da. Parte hartze zabala eta anitza izan du Euskararen Ginkanak, jarritako aurreikuspen guztiak gaindituz. Izaera eta eremu geografiko desberdinetako 42 taldek erantzun diote deialdiari: Hego Euskal Herriko lurralde desberdinetako aisialdi eta kultura taldeak, euskara elkarteak, euskaltegiak, mintzapraktika taldeak, bertso eskolak, guraso zein ikasle taldeak, …

Finalera iristeko bidea

Hizkuntza aniztasuna gaitzat hartuta, 6 proba gainditu behar izan dituzte taldeek finalerako bidean. Horretarako, www.euskararenginkana.net webgunean astero proba bat publikatu da. Besteak beste, beraien taldearen eta sariarekin babestuko luketen proiektuaren aurkezpen bideoak sortu; hizkuntzei buruzko galdera sortak erantzun; hiztun eleanitzen testigantzak bildu; edota talde bakoitzaren herriak “kaixo” hitza 20 hizkuntza ezberdinetan bilduaz apaindu dituzte. Taldeek egin behar izan dituzten hainbat proben erakusle dira Euskararen Ginkanako Youtube kanalean eskegita dauden 100 bideotik gora. Hemen ikus ditzakezu.

Lehia eta umorea nagusi izan dira aurtengo edizioan. Azkenik lau talde hauek izango dira finalean:
  • Onddo Beltzak taldea Atarrabiako Karrikaluze euskara elkartearen izenean. 
  • Algortako Bertso Eskola. 
  • Lasarte-Oriako Dinbi-Banda batukada taldea. 
  • Gasteizko GEU elkarteko Igandeak Jai egitasmoa.

Finala: urtarrilaren 25ean Donostiako San Telmo Museoan

Ilaski Serranoren gidaritzapean, Euskararen Ginkanako azken bost probak Donostiako San Telmo Museoan bertan burutu beharko dituzte lau talde finalistek. Horietan puntu gehien lortzen duen taldeak jasoko du euskararen aldeko ekimen bat finantzatzeko 3.000euroko sari nagusia.

Finala eguerdiko 12:00etan hasiko da eta sari banaketaren ondoren Donostiako Rekalde tabernan emango zaio aurtengo edizioari amaiera festa giroan.

Erantzun

Sartu