Teknologia albisteak

Azken egunak ArgIHIzkiak lehiaketan parte hartzeko

2016-06-08 : 02:02

Argazkietan oinarritutako testu laburren lehiaketa da argIHIzkiak; aurten bosgarrenez, Getxoko Egizu elkartea eta Uribe Kostako HIRUKA komunikazio-taldea antolatzen ari gara hainbat udal eta elkarterekin elkarlanean. Testuak bidaltzeko epea ekainaren 12ra arte zabalik izango da.

Ekimen honen helburuak dira, alde batetik, jendea euskaraz idaztera eta irakurtzera animatzea, eta, bestetik, Uribe Kostako argazkilari profesional eta zaletuen lana sustatzea.

Horretarako 10 argazkilariren (Bego Elexpe Ortiz, Maite Ikaran Souville, Javi Alaña Azkoitia, Eider Moreno Carrero, Amaia Aparicio Tarin, Jose Mari Albisu Carrera, Maitane Sarralde Ussia, Maite Mentxaka Tena, Anton Alvarez Jimenez eta Naiara Elorriaga Lumbreras) argazki bana aukeratu dugu eta horietan oinarritutako testuak idatzi beharko dituzte parte hartzaileek.

16 urte baino gehiago badituzu, eta Uribe Kostakoa bazara edo ez, sartu argihizkiak.com helbidean, eta hor, oinarriekin batera, 10 argazkiak ikusi, bat edo bi aukeratu, eta horietan oinarrituta, testu labur bat (edo bi gehienez) idatzi eta formulario honen bidez guri bidali.

Testuak bi kategoriakoak izan daitezke: labur-laburrak (160 karaktere gehienez) eta laburrak (100 hitz gehienez). Testuak euskara batuan edo edozein euskalkitan bidali ditzakezu, eta edozein testu mota izan daiteke: prosa, olerkia, bertsoa, haikua, nahi duzuna.

Helduen kategorian bi testurik onenek 200€ jasoko ditu bakoitzak. 16-18 urtekoen kategorian bi testurik onenek liburu elektroniko bana jasoko dute.  Eta argazki bakoitzari idatzitako testurik onenak erakusketa ibiltari batean joango dira, argazkiekin batera, urritik aurrera. Beraz, gogoratu: argihizkiak.com.

Animatu, eta parte hartu!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago